Larunbateko manifestazioan ehundaka lagun eta 70 traktore bildu dira Bouygues industria taldeak Marieneako laborantza lurretan etxebizitzak eraikitzearen aurka egiteko. Ekaineko protestak baino babes sindikal handiagoa izan du.
Kanbon ehundaka lagun bildu dira asteburuan Marieneako lurren defentsan. Laborantzarako eremu direnak, Bouygues taldeak etxebizitzak egiteko bereganatu nahi du, udalaren gehiengoaren babesarekin. Horren aurka egiteko, asteburua protestarako garaia izan da; hamarnaka izan dira ostiralean lurrak okupatu dituztenak hiru egunetarako asmoz, eta ia 800 pertsona eta 70 traktore larunbat goizeko manifestazioan bildu zirenak.
Kanboko Nahi Dugun Herria taldeak, FDSEA, JA Jeunes Agriculteurs eta ELB laborantza sindikatuek, Lurzaindia elkarteak eta Ostia sareak babestu zuten larunbateko mobilizazioa. FDSEA –departamendu mailan laborarien artean ordezkapen mailarik handiena du– eta JA sindikatuak ez zuten babesa erakutsi ekaineko manifestaldian. Bestalde, joan den astean udaleko Peio Etxeleku eta Jean François Lacosta hautetsiek ere Bouyguesen proiektuaren aldeko gehiengoari iskin egingo ziotela eta larunbateko manifestazioan parte hartzera dei egin zuten.
Lehenik, Arnagatik abiatu ziren traktoreak Kanboko herriko etxearen pareraino, eta jarraian, manifestari guztiak gehitu zitzaizkien. Marienean okupatutako lurretaraino egin zuten bidea. Amaitzean, eragileek gogorarazi zuten laborarientzat emankorrak diren lur horiek ez artifizializatzeko beharra, eta Marienia ez hunki dinamikari jarraikiz, Bouygues industria taldea lanean hasi orduko oztopatzera hurbiltzeko dei egin zuten, Kazeta-n irakur daitekeenez.
Lurren okupazioak hiru egun irautea aurreikusten bazuten ere, haizete bortitzak larunbat gauean materiala jasotzera behartu zituen. Hala ere, Kanboko gaztetxean jarraitu zuten hitzaldiek igandean.