argia.eus
INPRIMATU
Kanboko etxe batetik bi pertsona kanporatu dituztela salatu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak
  • Etxe huts horretako atea ireki zuten atzo Kontseilu Sozialistako kideek, etxegabetzea salatzeko eta etxebizitza unibertsala aldarrikatzeko.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko maiatzaren 06a

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak atzo jakinarazi zuenez, negu betean, bi pertsona kanporatu zituzten Kanboko (Lapurdi) etxebizitza batetik; Marienia bidexkan dago eraikina, eta hutsik dago une honetan.

Hala, etxe horretako atea zabaldu dute orain Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek. "Ekintza sinboliko horren bidez, hemen gertaturiko etxe kanporatzea salatu eta okupazioa zilegi dela aldarrikatu nahi dugu. Haatik, etxe honetan gertatua ez da kasu isolatu bat", adierazi zuten atzokoan: "Sistema kapitalistak, batetik, aterperik ukan ezin duen jendea sorrarazten du, eta bestetik, lur eta etxebizitzekin nahi duena egin dezakeena, burgesia. Lege burgesa da jabe handi horiek babestu eta etxe hutsei erabilera ematea gogor zigortzen duena". Horren guztiaren aurrean, etxebizitza unibertsala aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak.