argia.eus
INPRIMATU
Kanbo eta Ezpeletako pintaketa faxisten aurkako mobilizazioa egin dute larunbat honetan
  • Ehunka lagun bildu dira Kanbon bi udalerrietako margoketak salatzeko, Nahi Dugun Herriak deituta.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 31
Kanboko mobilizazioa. Argazkia: @euskalirratiak

Kanbo eta Ezpeletan azaldutako margoketa faxistei erantzun irmoa adierazi diete lapurtarrek, eta Kanboko udaletxe parean mobilizazioa egin dute “Faxismoari ez, ez hemen, ez nihun” aldarrikatuz.

Euskal Herria Bai-ko 24 hautetsik Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteari eta Peio Etxeleku Errobi Lurralde Poloko presidenteari zuzendutako gutun bat argitaratu zuten atzo, azken egunetan Ezpeletan eta Kanbon agertutako mezu faxista zein xenofoboekin egindako pintadak gaitzetsiz.

“Euskal Herriak gatazkaren konponbide osoa nahi du bake iraunkorra eraikitzeko, mezu nazkagarri horiek herritarren gehiengoaren borondatearen aurkako eraso zuzena dira", adierazi dute hautetsiek euren gutunean.

Herritarrak mezu horien aurka agertzera animatu zituzten, beste behin ere, Nahi Dugun Herriak Kanboko udaletxearen aurrean deitutako protestan. Ehunka pertsonak egin dute bat deialdiarekin.

Christian Devèze Kanboko alkateak posta elektronikoz jo du Barne Ministeriora, eta pintada horien egileen aurkako salaketa jartzeko asmoa azaldu du.