Uharteetako 25.000 biztanle inguru mobilizatu ziren urriaren 20an turismoaren “gehiegikeriaren”, masifikazioaren eta etxebizitzaren merkatuaren aurka protesta egiteko. Turismoak euren hiri eta herrietatik kanporatzen dituztela salatu dute bertako biztanleek.
Apirilaren 20an egin zuten Kanaria uharteetan turismoaren aurkako azken mobilizazio masiboa, eguneroko bizitza “jasanezina” bihurtu zela kritikatu zuten. Sei hilabete geroago ere irten dira kalera auzi bera mahai gainean ipini eta ordutik aldaketarik egon ez dela salatzeko.
Uharteetako gune turistikoenetatik abiatu ziren mobilizazioak, “Kanariar uharteek muga bat dute", "Kanariak ez daude salgai” edo “atzerritarrak gara gure lurretan” bezalako aldarriak entzun ziren kaleetan.
Sei hilabeteren ondoren “ezer ez dela aldatu” nabarmendu dute manifestariek, eta turismoaren gorakada gelditzeko neurri politikoak hartzeko eskatu dute. Manifestariek salatu dutenez, apirileko mobilizazioari erantzuteko mahai bat sortu zuen administrazioak, baina “egoera baretzeko estrategia besterik ez” zela izan kritikatu dute.
Horren aurrean kaleetan borroka egiteko deia zabaldu dute. Gainera, egoiliarren hitza kontuan hartu eta proposamenak egin ahal izateko espazio baten beharra azpimarratu dute. Gobernuko agintariei ez ezik, bertara joaten diren bisitariei ere egin diete erreferentzia: “Bisitatzen gaituztenek turismo-eredu hori gure lurrarentzat jasanezina eta suntsitzailea dela uler dezaten nahi dugu”.