Garrantzitsua da Kanaldude kateak Akitania Berriko eskualdearekin sinatu duen akordioa: 243.000 euroko laguntza jasoko du urtean, hiru urtez, eta egunero zuzeneko saio bat izango du, errepikatuko diren programekin.
Ximun Carrere zuzendariak Ipar Euskal Herriko Hitzari adierazi dionez, laguntza handia da eta garapen bideez hausnartzera eramango ditu: “Gogoeta eramaten dugu gure taldean, jadanik handitu da eta handituko da”.
Orain arte bidelagun izandako laguntzaileak ez dituzte albo batera utzi nahi: “Bilkura bat antolatuko dugu laguntzaile guztiekin ikusteko nola segitzen dugun, eta atxikitzeko telebista parte-hartzailearen izaera”. Horretarako, ikus-entzunezko ekonomia garatzeko konpromisoa hartu du herri telebistak. Kanaldude erdigunean kokatuz, hego Euskal Herriko sortzaileekin ere elkarlanean hasteko prest daude “elkarrekin mugaz gaindiko xedeak garatzeko”.
Laguntza bera jaso dute TV7 telebistak, Ozitaniako Telebistak edo NAQTV 3 telebistak. Azken honek hiru urteko hauspoa eman dio Baionako Euskal Herri lekuko albistegiari.
Harpidetza sistema bat jarriko dute martxan, Kanalduderen edukia telebistan ikusi ahal izateko internet bidez posible ez den guneetan. Gainera, kanaldude.tv webgunean jarriko dituzte eduki guztiak.
2012. urtean Telebistako ARGIA saria jaso zuen Kanaldudek.