argia.eus
INPRIMATU
Kanakyren independentziari buruzko hirugarren erreferenduma ukanen dute abenduaren 12an
  • Aste bateko negoziazioen ondorioz finkatu dute agenda politikoa Kanakyko loialisten, independentisten eta Frantziako Gobernuko ordezkarien artean. Noumeako akordioei segi, independentziari buruzko hirugarren eta azken erreferenduma ukanen dute Kanaky edo Kaledonia-Berrian.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 03a

1998ko Noumeako Akordioei segi, independentziari buruzko azken erreferenduma izanen dute 2021eko abenduaren 12an Kanakyn edo kolonoek jarritako izenari segi, Kaledonia-Berrian. Aste bat iraun duten negoziazioetan marraztu dute Kanakyren deskolonizazioa ekar lezakeen agenda politikoa: independentziari buruzko erreferenduma abenduaren 12an eta ondotik bi urteko trantsizioa –2023ko ekainaren 30era arte–.

"Nahi ote duzu Kaledonia-Berria burujabetza osora heltzea eta independente bilakatzea?" galderari gehiengoak ezetza erantzuten badu, bi urteko epe horretan erabakiko dute Kanakyk jarraitu beharreko antolaketa politikoa. Baietzak irabaziz gero, haatik, Parisekin burujabetzarako eskumenen transferentziak adosteko izanen da trantsizio fasea. Marrazturiko aldaketa instituzionalari buruzko beste erreferendum bat antolatu beharko dute 2023ko ekainaren 30a baino lehen, eta, azkenik, Frantziako Gobernuak berretsiko du guztia. Hots, badirudi beste behin ere Parisek ukanen duela azken hitza...

Paris pozik, independentistak Parisen pozari so

Loialistez eta independentistez osaturiko ordezkaritza Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindiko ministroarekin, Jean Castex Lehen ministroarekin eta Emmanuel Macron presidentearekin batzartu dira aste honetan, baiezkoaren ala ezezkoarenaren biharamunak aurreikusteko eta segidari buruzko adostasuna lortzeko. Hirugarren erreferendum honi dagokionez, independentistek ahalik eta berant nahi zuten, hau da, 2022ko urrirako; loialistek eta Frantziako Estatuak, ordea, aurten egin nahi zuten, ofizialki, Frantziako datorren urteko presidentetzarako bozekin ez nahasteko. Bide-orria plazaratu du gobernuak ekainaren 2ko Ministroen Kontseiluaren ondotik.

Parisen eta loialisten jarrera gailendu da eta negoziazioetan parte hartu duen UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentista garrantzitsuenak bere ñabardura plazaratu du ohar bidez: "[Frantziako] Estatuak bere postura argitu du libreki. Estatuaren posturak ez gaitu berera behartzen, gure ordezkaritzak ez du postura hau berretsi". 

Erreferendum batetik bestera, independentziaren aldeko botoa gora doa. Lehena, 2018ko arazoaren 4an egin zen eta %43,33 lortu zuen baiezkoak, 18.500 botoren aldearekin. Iaz buruturiko bigarrenean %47,7ek egin zuten baietzaren alde. Bi urtez 3,4 puntu igo zen baietzaren aldeko bota eta 9.950koa izan zen bien arteko aldea.

1853an indarrez kolonizatuak izan ziren eta orduz geroztik, kolonia izatetik estatutu bereziko kolektibitate izatera pasa arren, Frantziaren barne izaten segitzen du Pazifikoko irla multzoak. Kolonialismo horrek eragindako gatazkari aterabide bat atzeman nahian adostu zituzten Noumeako Akordioak 1998an.