argia.eus
INPRIMATU
Kanakyren alde, elkarretaratzea egingo dute Baionan
  • Kanakyko manifestariei elkartasuna adierazteko, EH Baik eta LAB sindikatuak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Baionako suprefetura aitzinean.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 21a

Gero eta jende gehiago bizi da Kanaky irletan, baina hautes-erroldak bere horretan dirau azken hamarkadan. Parisek ez du errolda eguneratu nahi, ez baitie kanakei pisu gehiago eman nahi; hori da uharteen independentziaren aldekoek seinalatzen dutena. Errolda berritzea eskatzen du Kanakyko gehiengoak, baina pasa den astean Frantziako Asanblea Nazionalak erreforma berri bat onartu du egoera are gehiago gogortzeko: hauteskundeetan botoa eman nahi duenak, gutxienez hamar urtez bizi beharko du Kanaky uharteetan.

Aurreko astean hasi ziren protestak, Frantziako Asanblea Nazionalean araudi berria eztabaidatzen hasi zirenean. Asteazken goizean onartu zuten, eta horrek areagotu egin zuen herritarren zati handi baten haserrea. Protestak azkar indartu ziren eta, gutxienez, lau hildako izan dira. Emmanuel Macronek martxoaren 15ean jakinarazi zuen "urgentzia" egoera ezarri zuela uharteetan.

Larritasunaren aurrean, EH Baik eta LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu dute astearte arratsalderako, Baionako suprefeturaren atarian, 19:00etan. Kanakyri sustengua adierazteko argazkia izango dela jakinarazi dute deitzaileek: "Kanakyko gatazka politikoa ezin da indarrez konpondu, Frantziako Estatuak deskolonizazio prozesua bururaino eraman behar du. Horretarako, hautesle zerrendaren erreformaren berehalako deuseztapena eman eta Noumearen akordioen baitan elkarrizketari berriro ekin beharko zaio".