argia.eus
INPRIMATU
Kanakyko hauteskunde erroldari buruzko legea bertan behera utzi du Macronek
  • Asteazken goizean eskainitako ohiz kanpoko prentsaurrekoan eman du erabakiaren berri Frantziako presidente Emmanuel Macronek. Kanaken haserrea piztu zuen legeak, errolda horren eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza zekarrelako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 12a
Macronen bisita Kanaky herrian, maiatzaren 23an. Argazkia: AFP

"Elkarrizketara indar osoa bideratzeko eta ordenaren itzulera lortzeko" hartu du erabakia: Kanakyko hauteskunde erroldari buruzko legea bertan behera utzi du Emmanul Macron Frantziako presidenteak. Ekainaren 12ko goizean eman du aldaketaren berri, Legebiltzarrerako antolaturiko hauteskundeei buruzko ohiz kanpoko prentsaurrekoan. Apirilaren 2an bozkatu zuten lege horren alde Frantziako senatariek eta maiatzaren 15ean diputatuek.

Aldaketa hori ez onarturik, azken asteetan tentsioak gora egin du Frantziaren menpe jarraitzen duen irlan eta protestei errepresio bortitzaren bidez erantzun die Parisek –Macronek deklaraturiko larrialdi egoerak maiatzaren 13tik 28ra iraun zuen–. 500 bat atxilotu, dozenaka kolpatu eta zazpi hildako eragin ditu azken asteetako gatazkak. Maiatzaren 23an egon zen irlan Macron eta elkarrizketarako deia egin arren, independentistek ez zuten begi onez jaso Parisen postura. Elkarrizketak berriz abiatzeko baldintza zuten, hain zuzen, hauteskunde erroldaren legearen bertan behera uztea.

Independentistek ez dute onartzen legea, bozketarako errolden eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza dakarrelako. Independentzia gose handia dute kanakek eta bake akordioek hitz emandako burujabetzari buruzko erreferendumetan pisu gutxiago lukete autoktonoek hauteskunde erroldaren aldaketarekin. Hain zuzen, legeak probintziarako hauteskundeetarako bozkatzeko eskubidea zabaltzen die hamar urte baino gehiagoz irlan bizi direnei –Noumeako Akordioei segi, 1998 aitzin bozka-zerrendan ziren autoktono ez direnek zuten eskubidea–.