argia.eus
INPRIMATU
Kanaky uharteetan istilu handiak, Frantziak hauteskunde errolda aldatu ondoren
  • Astelehenaz geroztik Kanaky uharteetan protestak eta istiluak ari dira izaten. Gutxienez lau hildako izan dira Frantziako Gobernuaren arabera, baita zauritu ugari eta dozenaka atxilotu ere. Frantziako Asanblea Nazionalean Pazifikoko uharte hartako hauteskunde-erroldari buruzko legea onartu dute, eta horrek piztu ditu independentisten protestak. Macronen gobernuak larrialdi egoera ezarri du asteazken iluntzean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko maiatzaren 15a
Kanaka independentistak kalera atera dira hautes-erroldaren inguruko legearen kontra.

Bigarren gauez segidan, istiluak izan dira Kanaky Uharteetan. Frantziako Estatuko ordezkari Louis le Franc-ek azaldu duenez, gutxienez bi hildako badaude jadanik –Kaledonia Berriko ordezkariak azaldu duenez, baliteke hildakoak hiru ere izatea– eta beste "ehunka" lagun zauritu dira. Frantziako Gobernuak asteazken iluntzean hildakoak 4 izan daitezkeela jakikarazi du.

Noumea Kanakyko irla nagusiko hiriburuan izan dira istilu handienak, hainbat saltoki erre eta talde independentistek errepideak moztu dituzte, jendarmeek aldiz armekin erantzun dute. Le Franc-en esanetan egoera "matxinada" baten antza du jadanik.

Bien bitartean, Macron Frantziako presidenteak Defentsa eta Segurtasun kontseilua deitu du istilu horien ondorioz, eta Fécamp hirian asteazkenean zuen ekitaldi bat bertan behera utzi du. Macronen gobernuak larrialdi egoera ezartzea erabaki du azkenean; Kanaky uharteetan ostegunean goizaldeko 5:00etan jarri dute indarrean neurria eta gutxienez hamabi egun iraungo ditu.

FLKS (Askatzeko Nazio Fronte Kanaka eta Sozialista) alderdi independentistak, bere aldetik, lasaitasunerako deia egin du.

Hautes-errolda erabili, kanakak "gutxitzeko"

Istiluak astelehenean hasi ziren, Frantziako Asalbea Nazionalean lurralde hartako hautes-erroldan aldaketak ekarriko lituzkeen legea eztabaidatzen hasi zirenean. Lege hori asteazken goizaldean onartu dute azkenean eta horrek areagotu egin du herritarren zati baten haserrea.

Hautes-errolda azken hamarkadetan bere horretan dago, nahiz eta gaur egun jende gehiago bizi irletan. Errolda horren eguneratzea, baina, euren pisua "gutxitzeko" Parisen neurri gisa sentitzen dute kanakek

Hautes-errolda azken hamarkadetan bere horretan dago, nahiz eta gaur egun jende gehiago bizi irletan –270.000 pertsonatik gora guztira–. Errolda horren eguneratzea, baina, euren pisua "gutxitzeko" Parisen neurri gisa sentitzen dute kanakek, baita 1998ko Noumeako Akordioa deusestatuko lukeela ere.

Hain justu, kanakak gutxiengo bilakatzeko arriskua saihestea zuen helburu akordio horrek –gehiago jakiteko Kanakyren bilakaera hurbilari buruzko erreportaje luze-zabala argitaratu genuen ARGIAn, Jenofa Berhokoirigoinek idatzia–.

Zentzu horretan, EH Bai eta EH Bilduk ohar bidez euren irakurketa egin dute eta salatu dute Kanakyren "deskolonizazio prozesu adostua zangotrabatu" egiten duela Parisen onartu berri den legeak.

Metropoliarekin harreman gorabeheratsua

Ozeano Barearen erdian dago Kanaky, XIX. mendeko kolonizatzaileek Kaledonia Berria ere deitua. Frantziaren menpe bizi dira gaur egun kanakak artxipelago hartan, baina estatus berezi batekin, eta kolonia eta metropoliaren arterko harreman gorabeheratsuarekin.

Frantziak kanaken autodeterminazio eskubidea behin eta berriz trabatu duela salatu izan dute talde independentistek. Azkeneko erreferenduma 2021ean egin zen Frantziako Gobernuaren beraren bultzadaz, baina independentistek boikota egin zioten, pandemiaren ondorioz atzeratzea nahiago zutelako, baldintza kaskarren ondorioz.

Hautes-erroldaren inguruko eztabaida zehatzaz harago, independentismoaren gorakadak, jatorrizko herrien eta kolonizatzaileen arteko desberdintasun sozialek eta nikelaren erauzketak sorturiko menpekotasun eta krisi ekonomikoak korapilatzen dute Kanakyko giro nahasia.