argia.eus
INPRIMATU
Kanaken kexua ez du eztitu Macronen bisitak
  • Irlan egon da maiatzaren 23an Frantziako presidente Emmanuel Macron eta loialistekin zein independentistekin, alde guztiekin bildu da. "Elkarrizketa politikoa" abiarazteko prestutasuna erakutsi die, baina independentistek diote horretarako baldintzarik ez duela jarri.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko maiatzaren 24a
Macronen bisita Kanaky herrian, maiatzaren 23an. Argazkia: AFP

Jin eta joan. Egun bakarreko bisita egin du eta gustu gazi-gozoa utzi die kanakei Emmanuel Macron presidentearen bisitak. Nahiz eta Parisek "elkarrizketa politikorako" deia egin, horretarako baldintzak ez direla beteak diote independentistek. Hain zuzen, ez du ezer konkreturik hitzeman eta orokortasun handiz hitz egin die: hauteskunde-erroldari buruzko legea "bortxaz pasatzeko" intentziorik ez daukala erranik, "lasaitasuna lortzeko eta elkarrizketa berriz abiatzeko" helburuei "aste batzuk" eskainiko dizkiela zehaztu die. Ez du, ordea, atzera egin kexua piztu duen lege aldaketari dagokionez. Frantziaren menpe izaten segitzen duen Kanaky irlan istilu handiak piztu ditu Parisetik hauteskunde-erroldari buruzko legea moldatu izanak. "Elkarrizketa politikoa abiatu" eta hilabete baten buruan "adostasun orokor" bat lortzeko asmoaren berri eman die lekuko eragileei.

Errolda horren eguneratzeak kanaken pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza dakar. Apirilaren 2an bozkatu zuten horren alde Frantziako senatariek eta maiatzaren 15ean diputatuek. Probintziarako hauteskundeetarako bozkatzeko eskubidea zabaltzen die hamar urte baino gehiagoz irlan bizi direnei –Noumeako Akordioei segi, 1998 aitzin bozka-zerrendan ziren autoktono ez direnek zuten eskubidea–. Senatari independentista den Robert Xowiek gogorki hitz egin du konstituzio aldaketaren aurka: "Kanaken independentziaren aukera oro desagerrarazteko Frantziako Gobernuak duen helburua bete ahal izateko, herritartasun frantsesaren baitako herritartasun kanakaren diluzioa daukagu".

Istiluei dagokienez, Macronek "blokeo guztien bukaerarako deia" espero du eragile guztien partetik. Gogorki hitz egin du azken egunetan karrikan diren herritarren aurka, eta zehaztu du "auzo guztiak, itzulgune guztiak eta blokeo guztiak berreskuratzeko" neurri guztiak plantan jarriko dituela. Istiluak bukatu bezain laster larrialdi egoeraren bukaera erabakiko duela esan du Macronek. "Soldatak pagatzeko urgentziazko laguntza", "elkartasunezko diru funtsa" eta Kanaky "berreraikitzerako" eta "blokeoak pairatzen dituztenak laguntzeko" hainbat neurri ekonomiko hitzeman dizkie.

Erreferenduma "helburu"

Independentziari buruzko erreferenduma "helburuetan" dagoela erantzun die kazetariei, arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, hauteskunde-erroldaren moldaketa aitzina joaten bada, zaila izango dute baietzaren lorpena independentistek. %41,2 dira gaur egun autoktonoak. Funtsean, immigrazioa izan zen independentisten pisua lehertzeko Parisen estrategia politikoa. Pierre Messmer lehen ministroak Xavier Deniau Itsasoz haraindiko Frantziako estatu idazkariari 1972an bidali gutuna dugu horren froga: "Autoktonoen aldarri nazionalista gaindituko dugu baldin eta Pazifikoan sortu ez garen komunitateok gehiengoa osatzen badugu. Metropoliko eta Itsasoz haraindiko Frantziako frantsesen immigrazio masiboari esker ez litzateke mehatxatua izan behar Frantziak Kaledonian duen presentzia". 1969tik 1976ra 20.000 etorkin zuri instalatu ziren irlan, biztanleria %20 emendatuz, eta orduz geroztik, aitzina egin du zurien migrazioak.