argia.eus
INPRIMATU
Kanak gazte bat hil du Frantziako Poliziak, maiatzaz geroztik protestetan hildako zortzigarrena
  • Frantziako Estatuaren aurkako protestak aitzina doaz Kanaky irlan eta errepresioak ere ez dauka etenik. Uztailaren 10ean tiroz hil du errepide blokeoan zegoen Rock Victorin Wamytan gaztea. Independentisten artean ezaguna den familia batekoa da gaztea: 1998ko Noumeako Bake Akordioetan parte hartu zuen Roch Wamytanen iloba da. Kanakyko Kongresuko burua da Rock Wamytan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko uztailaren 11
Errepide blokeoak egiten ari dira Frantziaren jarrera kolonialista salatzeko. Argazkia: AFP. T. Rouby

Maiatzaz geroztik Frantziako Poliziak edota milizianoek hiltzen duten zortzigarren kanaka da Rock Victorin Wamytan gaztea. Jarrera kolonialaren kontra bideraturiko errepide blokeoetan zegoela hil zuen tiroz jendarme batek asteazkenean. Duela bi hilabete abiatu zituzten protestak, Parisen bozkaturiko lege bat atzera botarazteko xedez. Hain zuzen, Kanaky uharteetara azken urteetan iritsi direnei bozkatzeko aukera ematen die hauteskunde erroldari buruzko erreforma-proiektu horrek. Independentistak eta oro har kanakak haserre dira, errolda horren eguneratzeak kanaken ahotsaren pisua gutxitzeaz gain, 1998ko Noumeako Bake Akordioen muinaren errespetu-eza dakarrelako. 

Oraingoz bozkaturiko lege-proiektua bertan behera utzirik du Emmanuel Macron presidenteak. Hala eta guziz ere, errepresio gogorrarekin segitzen du gobernuak, besteak beste lider eta aktibista independentisten kontrako sarekadak bideratuz eta milaka kilometroetara dituzten Metropolitar Frantziako presondegietan sakabanatuz. Lekuko prefekturaren arabera, maiatzaz geroztik 1.703 kanak atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Errepideen blokeoekin dabiltza atxiloketa eta preso sartze horiei erantzuten.

Independentisten artean ezaguna den familia batekoa da hildako gaztea: 1998ko Noumeako Bake Akordioetan parte hartu zuen Roch Wamytanen iloba. Kanakyko Kongresuko burua da gaur egun Rock Wamytan independentista. Bere kabineteko burua ere preso sarturik dute.