argia.eus
INPRIMATU
Kanadara itsasontziz doaz berriro Filipinetako gobernuak itzularazitako zaborrak
  • Rodrigo Duterte Filipinetako lehendakariaren presioak bere fruituak eman ditu: luzapen askoren ostean, azkenean Kanadak itsasontzi bat bidali du Filipinetara hara bidalitako zaborrak berriro zamatu eta etxera ekartzeko enkarguz. Tartean, Dutertek bere enbaxadorea erretiratua zuen Kanadatik.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko ekainaren 11
M/V Bavaria ontzia Filipinetako Subiceko portuan, Kanadarako zaborrak zamatzeko zain ekain hasieran. (Argazkia: Herald Wigh)

Txinak Amerika eta Europako herrialde aberatsetako zaborren inportazioa etetea erabaki zuenetik, hondakin nahasien uholdea hasia zen itotzen Asia hego-ekialdeko herrialde asko, herritarren protestak berotuz. Oinarrian zabor trafiko mozorrotua zegoen: birziklatzeko aitzakiatan edo baita laguntza humanitarioz jantzita ere, klase guztietako zabor birziklagaitzak bidaltzen zaizkie garapen bidean diren herrialdeei eta hauetan zaborrok bukatzen dute sutan erreta –baliozkoak dituzten metalak berreskuratzeko batzuetan– edo bazter guztietan botata, herrialdeok zabortegi erraldoi bihurtuz eta herritarrak bezala animaliak eta soroak kutsatuz.

Asia urruneko herrialdeetarako zabor garraioak ugaritu ahala indartu dira erreakzioak ere. Malaysiak plastiko birziklaezinak itzuli dizkio Espainiari, esaterako. Baina erreakziorik gogorrena Filipinetatik iritsi zitzaion Mendebaldeari: Rodrigo Dutertek mehatxu egin dio Kanadari, edo zuek eraman ekarritako zaborrak edo geuk zuen kostaldera eraman eta hondoratuko ditugu. Kanadak egingo zuela erantzunik, epeak betetzen ez zituela eta bere enbaxadorea erretiratu zuen maiatzean Dutertek Kanadatik.

Presioak fruitua emanik, maiatz bukaeran iritsi zen M/V Bavaria zamaontzia Filipinetako Subic portura han utzitako 69 kontainerrak berriro zamatu eta etxeratzeko. Itsasotik doazkie berriro zaborrok kanadiarrei, zehazki Vancouverrera, hango erraustegi batera.