argia.eus
INPRIMATU
Mila milioi itsas animalia hil ditu aurreko asteetako bero bortitzak Kanadan
  • Tenperaturen igoerak 500 pertsona baino gehiago hil ditu AEBetako mendebaldeko kostaldean eta Kanadako hego mendebaldean. The Guardian hedabidearen arabera, ozeanoetako kalteak konpontzen zailak izango dira.

     

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 09a
Hildako muskuiluak. Argazkia: Christopher Harley

Aurreko asteetan Kanadako hego mendebaldea astindu duen bero bortitzak mila milioi itsas animalia hil ditu. Uraren tenperatura 50º-koa izatera heldu da Vancouverreko kostaldean, Christopher Harley Kolunbia Britainiarreko Unibertsitateko itsas biologoak The Guardian egunkariari emandako informazioaren arabera. Muskuiluak, itsas izarrak eta beste hainbat espezie egosita hil dira. Animalia horiek desagertzeak eragin larriak izango ditu ozeanoko ekosistemetan.

Aurreko asteetako tenperaturen muturreko igoerak 500 pertsona baino gehiago hil ditu Kanadako hego mendebalean eta AEBetako mendebaldeko kostetan. Kolunbia Britainiarreko basoetan sute handiak daude oraindik ere. Christopher Harleyk Vancouver inguruko hondartzetan behatu du triskantza. Animalia hilez beteta dago.

Muskuiluek, txirlek, marraskiloek, itsas izarrek, anemonek eta hainbat arrainek ezin izan diote beroari aurre egin. Muskuiluek 30º inguru jasan ditzakete; lanpernak gogorragoak dira, 40ra arteko tenperaturari aurre egin diezaiokete. Baina muga horretatik gora eta denbora luzez, biziraupena ezinezkoa dela azaldu du Harleyk. Itsas biologoak uraren tenperatura neurtu du kamera infragorriekin, eta 50 gradura heldu dela adierazi du. Sakonera gutxiko itsas ingurua da eta horrek erraztu du bat-bateko berotzea. 

Albo-kalteak

Animalia horiek desagertzeak gainontzeko espezieetan eta ekosistemetan ere badauka eragina. Muskuiluek eta txirlek ura iragazi eta garbitu egiten dute. Ura garden izanik, eguzki izpiak hondora heldu eta beheko algak elikatu daitezke. Landaredia hainbat espezieren bizilekua da, eta desagertu diren animaliak gabe, mantentzea zaila egingo da.

Harveyk adierazi duenez, berotzea baino lehenagoko egoerara heltzea ere ez da lan erraza izango. Muskuiluek, adibidez, bi urteko epean berreskura dezakete lehenagoko egoera, baina beste hainbat animalia batzuek hamarkadak beharko dituzte. Gainera, meteorologoek esan dute datozen asteetan ere antzeko beroaldiak gerta daitezkeela Pazifikoko kostaldean. The Washington Post-en arabera, tenperatura ohikoa baino 25º gehiago igo daiteke.