argia.eus
INPRIMATU
Kanadan marihuana ekoiztu eta kontsumitza libre izango da asteazkenetik
  • Urriaren 17tik aurrera Kanadan erabat libre izango da kalamua ekoiztea bezala kontsumitzea, osasuna artatze bezala aisialdirako. Ez da cannabisa despenalizatu duen lehen herrialdea izango (2013an egin zuen urrats hori Uruguaik, AEBetako bideratzi estatutan libre da, 29 herrialdetan erabilera terapeutikorako baimentzen da...) baina bai handiena. Eta dagoenekoz ondorio ekonomiko batzuk erere hasi da erakusten, belarrarekin lotutako negozioen beroaldeiarekin.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 15
Kanadako hauteskundeetan gai nagusietakoa izan zen Justin Trudeauk 'belarra' legeztatzeko egindako promesa.

Justin Trudeau lehen ministroak bete ahal izan du 2015eko hauteskunde kanpainan egindako promesa. Osasun arazoak arintzeko kontsumitzea 2001etik zegoen despenalizatua Kanadan, baina arau berriarekin bera bihurtu da G7 taldeko herrialdeen artean estreinakoa marihuana atseginerako kontsumorako liberalizatzen.

Erakunde guztiak prest omen daude marihuanaren garai berrietarako. Ontarion, biztanle gehien dauzkan probintzian, gobernuak berehala zabalduko ditu 40 komertzio belarraren salerosketarako, 2020an 150era iristeko asmoz. Quebec 20 dendarekin hasiko da. Askok uste dute urriegi suertatuko direla dagoen kontsumoa asetzeko. Konparaziorako, Colorado estatuan (AEB) 2012an legeztatu ondoren 1.000 denda zabaldu dira. Coloradon prezioak jaitsi dira 2012ko 10,2 euroetatik gaurko 6 euroetara eta bertako agintariek diotenez kontsumitzen den marihuanaren %70 legezkoa da.

Kanadan atseginerako marihuana merkatuak urtean 5.700 milioi dolar kanadar –3.700 milioi euro– mugitzen ditu eta asko dira oraindik uste dutenak horren zati handi batek gero ere legez kanpo jarraituko duela. Uste horretakoa da, adibidez, The Economist eta berrikitan gaiari titulu hau eman dio: "Kanadan marijuana legeztatzeak eragindako kolokoi handiena finantziarioa da". Edonola ere, cannabisaren negozioa dagoenekoz ekonomi jarduera arrunta dela erakusten du Bloomberg ekonomi hedabideak burtsako bere indizeen artean edukitzea Marijuana Stocks Watchlist, marijuana baloreen indizea.