argia.eus
INPRIMATU
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen
  • Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen esperimentuan, joan den astetik lurralde hartako herritar helduek 2,5 gramo droga eduki ditzakete, izan kokaina, heroina, baita metanfetamina, fentaniloa eta morfina ere.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 06a
Columbia Britainiarreko administrazioaren iragarkia, droga gogorren despenalizazioa sustatuz.

Columbia Britainiarreko pilotuak Estatu Batuetako Oregon estatuko programaren ildoa jarraitzen du; Oregonen 2020an despenalizatu zituzten droga gogorrak. Columbia Britainiarrean droga gogorrek legez kanpokoak izaten jarraituko dute baina poliziek soinean edo etxean 2,5 gramo arteko kopuru batean aurkitzen badiete ez dituzte atxilotuko, ez dute salaketarik sufrituko eta ezta beren esku aurkitutako substantziak konfiskatu ere. Aldiz, erabilgarri dauzkaten gizarte- eta osasun-zerbitzuei buruzko informazioa emango diete.

BBCk zabaldu duenez, Columbia Britainiarrean 10.000 pertsona inguru hil dira droga gaindosiz probintzia horrek 2016an substantzia horiengatiko osasun publiko larrialdia deklaratu zituenetik. Orain, Vancouverreko administrazioak ezohiko irizpideekin ekin dio larria gainditzeko lanari: opiazeoen erabiltzaileei eskaintzen dizkie injekzio-guneak, antidotoak eta baita heroina bera ere mediku-errezetarekin izatekotan.

"Drogak kontsumitzen dituzten pertsonen despenalizaziorekin bukatzen dira substantzien kontsumoarekin lotutako beldurrak eta lotsak –esan du Jennifer Whiteside Columbia  Britainiarreko Osasun mentalaren eta Adikzioen ministroak. Administrazioak arau berrietara egokitzeko ikastaroak eskaini dizkie probintziako poliziei, Vancouver hirikoak barne. Programa pilotu hau indarrean egongo da hiru urtez, 2026ko urtarrilaren 31ra arte, beti ere tartean gobernu federalak eteten ez badu.

Araubide berriek badute hainbat salbuespen. Drogen salmentak legez kanpokoa izaten jarraitzen du. Legez kanpokoa den moduan eskoletako, haurtzaindegietako eta aireportuetako eremuetan drogak edukitzea.

Kanada osoan herritar helduek 2018tik daukate legeztatuta aisialdiko kanabisa erabiltzea eta dendetan saldu daiteke.