argia.eus
INPRIMATU
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak
  • Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka. Otsailean erabaki beharko du Europako Legebiltzarrak CETAri onespena ematen dion ala ez.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko azaroaren 23a
Europako Legebiltzarraren Estrasburgoko egoitza. (Arg.: Diliff-CC By SA)

Gaurko mozioa aurkeztu duten diputatuen eskaria zen Europako Justizia Auzitegiak CETA aztertu eta EBko legediarekin guztiz bateragarria ote den ebaztea. Florent Marcellesi Equoko legebiltzarkidearen esanetan, “Auzitegiak CETA osoa azter dezan nahi dugu, baina batez ere ICS direlakoak”. ICS dira estatuen eta inbertsiogileen arteko ebazpen-auzitegien siglak, eta mozioa sinatu duten eurodiputatuen ustez baliteke auzitegi horiek ezarpena bai Europar Batasunaren berari bai eskatu kide bakoitzari dagozkien eskumenen eremuan sartzea izatea.

“ICSek europar auzitegien eta estatuetakoen funtzio batzuk bereganatu ditzakete, horretarako beharrik egon gabe”, dio Marcellesik. Mota horretako auzitegien bitartez, inbertsiogile atzerritar batek erakunde baten aurkako salaketa jar dezake uste badu hark hartutako erabaki batek –ingurumena edo langileen eskubideak babesteko lege batek, esaterako– kalte egiten diola. Ezagunagoak dira ISDS siglekin.

Bai TTIPek bai CETAk, hasiera batean, ISDS auzitegiak aurreikusten zituzten, baina aurkako oposizioa ikusita Europako Batzordeak bertsio leunagoa proposatu zuen, ICSak. Merkataritza itunon aurkarien ustez, kosmetika ariketa hutsa besterik ez zen izan hura. Hain zuzen, ICSak izan dira berriki Valoniako erregioak CETAren onartze-prozesua moteldu izanaren zergatia.

Bozkatu, baina eztabaidarik gabe

CETAri buruzko mozioa aurkeztu dutenak kexu dira Eurolegebiltzarreko agintea duen organoak, Parlamentuko Presidenteen Batzarrak, mozioaz eztabaidatzeko aukera ukatu duelako. “Bozkatu egingo da, besterik gabe”, azaldu zigun Marcellesik asteartean, “eta CETAri buruzko bozketa ere horixe izango da, bozketa hutsa, aurrez eztabaidatu gabe”.

“Parlamentuak atzera bota dezake CETA ezetz bozkatuz gero, baina ez du aukerarik haren edukiaz eztabaidatzeko”, Mercellesiren berbetan, “alegia, ez dago aukerarik testuari zuzenketak egiteko”. Edo guztiz alde, edo guztiz kontra. Eta nahiko ziurtzat jo daiteke aldeko jarrera gailenduko dela otsailean egingo den saio horretan.

Behin Legebiltzarreko mugarria gaindituta, estatu kide guztietako parlamentuek oniritzia eman beharko liokete CETAri guztiz onartuta egoteko, baina Eurolegebiltzarraren argi berdea aski izango da ituna, edo haren zati handi bat behintzat, behin-behinean indarrean sar dadin.

TTIPen negoziazioa, kolokan

Europa eta AEBen arteko TTIP hitzarmenaren negoziazioak, berriz, izoztuta daude, Europako Batzordeak formalki  prozesuak aurrera jarraitzen duela esan arren. Negoziaziook lehendik trabatuta bazeuden, badirudi Donald Trump Etxe Zurira iritsi izanak are gehiago zailduko duela akordio hori aurrera ateratzea, bai presidente berriak publikoki agertu izan dituen asmoengatik, bai iragarri duen lehenbiziko gobernu ekintzetako batek –TPP merkataritza itun transpazifikotik AEBak ateratzea– ezarritako aurrekariarengatik.