Asteazkenean onartu dute neurria ministro kontseiluan, eta prozesu parlamentarioa 2023an amaitzea espero dute. “Merkatu beltza gelditzeko” saiakera dela azaldu dute legea sustatu dutenek. Kalamua 25 gramoraino legez kanpokoa ez izatea eta pertsona bakoitzak autokontsumorako hiru landare edukitzeko ahalmena adostu dituzte, besteak beste.
Kalamuaren kontsumo “kontrolatua” legeztatzeko lege-proiektua onartu du Alemaniako ministroen kontseiluak abuztuaren 16an. Karl Lauterbach osasun-ministroak azaldu du, drogen politika “aldatu” eta merkatu beltza “gelditzeko” lege proposamena dela. Adostu berri dituzten neurriak kalamuaren erabilera legeztatu duten herrialdeenak baino egokiagoak direla azpimarratu du.
Onartu duten lege-proiektuaren arabera, 18 urtez gorakoek gehienez hogeita bost gramo kalamu erosi ahal izango dute, eta hilean gehienez 50 gramo. Kalamuaren salerosketarako bideratuta egongo diren elkarteen bidez lortuko lukete, eta ezinbestean bertako kide izan beharko dira. Horrez gain, pertsona bakoitzak autokontsumorako gehienez hiru landare edukitzea adostu dute.
Aipatu neurriak "izan ditzakeen arriskuez jabetuta", kontzientziazio kanpaina bat jarriko dute martxan; THCaren kontsumoak izan ditzakeen eragin kaltegarrien inguruan.
Lauterbachek lortu nahi dutena azaldu du ahobizarrik gabe: “Gazte bakoitzak jakingo du kalamua egunerokotasunean kontsumitzeak norberaren burmuina kaltetu dezakeela, eta pizte psikotikoak garatzeko aukera gehiago edukiko dituela”.
Desadostasunak
Marihuana kontsumitzaileen elkarteek, ordea, ez dituzte begi onez ikusi ministro kontseiluak adostutako neurriak. Haien esanetan, neurriak "motz" geratzen dira.
Tino Sorge Unión Democristianako (CDUko) bozeramaileak, bere aldetik salatu du “menpekotasuna toleratzea” onartu duela Alemaniako Gobernuak, "horrek ekar ditzakeen ondorioekin".