Kamioilari bat Elorrioko Arauneta auzoan trabatuta geratu zen igandean, eta astelehenean hilik agertu da, dirudienez, bihotzekoak jota. Kamioilariak ibilgailuko kabinan pasatu du gaua, eta ondoezik sentitu da kamioia bidetik ateratzen saiatu den bitartean, Polizia Munizipalak eta Ertzaintzak lagunduta.
Ibilgailuak 17 metro luze ditu, eta igandean ainguratuta geratu zen Elorrion, GPSak herriko Eroskiko biltegira iristeko emandako norabideak jarraitu ondoren. Bi metro zabal besterik ez dituen bidea hartu zuen garraiolariak, aldapa batean ez aurrera ez atera geratu zen arte. Horren aurretik, inguruko baserri bateko teilatu zati bat apurtu zuen.
Azken urtean GPSari jarraiki Elorrioko Eroskiko biltegira bidean trabatuta geratu den hirugarren ibilgailu astuna da hau.
Albiste hau durangon.com atariak jaso du, eta bertako iruzkinetan irakurle batzuk iradoki dute kamioilariak presioak jasan ahal izan zituela enpresaren partetik.