33 lagunek galdu dute bizia Irun eta Iruñea batzen dituen errepidean hamar urtean. Horrez gain 300 izan dira bertan gertatutako istripuetan zaurituak. Bortzirietako hainbat herritarren protesten ondoren, Nafarroako Gobernuak kamioiei bidesariak jartzeko erabakia hartu du.
Bataz beste 10.276 ibilgailu ibiltzen dira egunero errepide horretan, horietatik 2.880 ibilgailu pisutsuak. Hiru dira jada aurten errepide horretan hildakoak. Ahots ugari altxatu dira errepidearen aurka, neurriak eskatuz. Otsailaren 28an errepidea moztu zuen protesta bat egin zuten “segurtasuna, gure lehentasuna” lemapean. Horrez gain, Bortzirietako hainbat alkatek gutun bat argitaratu dute erantzukizunak eskatzen.
Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak kamioientzako bidesariak jartzea erabaki du, ordaindu beharrak kamioi kopurua jaitsi araziko duelakoan. Istripu gehien gertatzen diren guneetan, 1 eta 6.ean, radarrak jarriko dituztela ere jakinarazi dute. Horrez gain, epe ertain luzera begira, merkantzien garraioa tren bidez egitea proposatu du, Europar Batasuneko garraio iraunkor eta intermodalaren aldeko politikei jarraituz.