argia.eus
INPRIMATU
Bi egun, beste bi langile hilda: kamioi gidaria Galdakaon eta basomutila Gamarten
  • Uda honetan Euskal Herrian hildako langileen zerrenda luzeari beste bi gehitu zaizkio aste honetan. Gamarten, Donibane-Garazi ondoan, basomutilari adarra jauzi zitzaion asteazkenean. Ostegun goizean berriz, kamioi gidari bati bihotzekoak eman dio lanean ari zela autobidean, Galdakao parean.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 21
Argazkia: Bizkaiako suhiltzaileak

Ostegunean hil zen kamioilaria goizeko 10:10 aldera, AP-8 errepidean Bilborako noranzkoan zihoan. Kamioia errepidetik atera eta baranda jo zuen. Langileak auto-istripuaren ondorioz ez, baizik eta bihotzeko batek eraginda galdu zuen konortea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko hipotesi nagusiaren arabera.

Garraiolariena bihurtu da lan heriotzek erasandako sektorea nagusienetako bat azkenaldian. Sindikatuek kamioilarien lan-baldintza eskasak eta prekarietatea kritikatu dituzte. Martxoan, esaterako, beste kamioilari bati ere bihotzekoak eman zion Elorrion, kamioia irten ezin zen bide batean trabatu eta jasandako tratuaren eta bizitako tentsioaren ondoren. Azpikontrataturiko langile bulgariarra zen. 

LAB sindikatuaren datuen arabera, abuztuaren hasieratik gaur arte 20 pertsona baino gehiago hil dira lanean Hego Euskal Herrian eta urte guztian 49. Urtea amaitzeko oraindik hiru hilabete falta badira ere, 2017ko urte osoan izandako heriotza kopurua gainditzeko bidean gaude beraz. Iaz 54 langile hil ziren eta ELAren esanetan horietatik herena azpikontrataturiko enpresetan aritzen ziren.

Ipar Euskal Herrian ere bai

Hego Euskal Herriko lurraldeetan ez ezik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ere gaitz larria bilakatu da lan-istripuena. Asteazkenean, Gamarten (Garazi, Baxenabarre) basoan adarrak mozten ari zela beste langile bat hil zen.

Mozten ari zen haritzaren adarretako bat gainera erori zitzaion. 14:30 jaso zuten abisua larrialdi zerbitzura eta lekura iristean langilea adarraren azpian aurkitu zuten. Helikopteroz eraman zuten Baionako erietxera eta gauaz hil zen.