argia.eus
INPRIMATU
Lian muralgilea
“KamiƱazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere”
  • Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza @leakohitza Naia Arantzamendi 2023ko otsailaren 02a

Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana munduko hirugarren onena dela aitortu du Street Art Cities atariak. Lian autorea “oso pozik” agertu da errekonozimenduagatik, baina bereziki herrian sumatu duen babesa nabarmendu du: “Ilusio gehien egin didana herriaren babesa jasotzea izan da, inplikatu egin dira.  Harro agertu da jendea, eta baita ni ere”.

2022an egin diren munduko mural onenak argitaratu ziren duela hilabete batzuk, eta 10 onenen artean aukeratua izan zen, ondoren, bozka zabaldu zen eta jendeak emandako botoei esker lortu du errekonozimendua: “Ohore bat izan da niretzat munduko onenen zerrendan egotea, maila ikaragarria duten artistekin batera egotea. Gainera, mundu honetan denok ezagutzen dugu elkar, eta ez dago lehiakortasunik gure artean”. Lehenengo postua Studio Giftigek egindako lanak eskuratu du, Tilburgen  (Herbehereak) dagoena. Bigarren saria, berriz,  Buenos Airesen (Argentina) dagoen Martin Ronen lanak.

Lehen saritua: Studio Giftig (Herbehereak)
Bigarren sailkatua: Martin Ron (Argentina)
Hirugarren sailkatua: Lian (Ondarroa)

Kamiñazpiko lanak emakume saregileei egiten dio aitortza, hala dio, muralak ere: “Mendez mende, Ondarroako emakumeak herriko bizitzaren alde garrantzitsuenak euren gain hartu izan dituzte, ikusten ari zaren murala emakume horietako askori egindako omenaldia da”. Herri baten nortasuna adierazten duen lana izanik, mundu mailan izan duen errekonozimendua aipagarria izan da, tokikotasunetik orokortasunera doan mezua izanik. “Mural hori ezin da beste inon kokatu, herriaren nortasunaren adierazlea da, herrian inspiratuta dago eta bere isla da. Hortaz, herriari sendo lotuta dagoen zerbait izanik, mundu mailan izan duen errekonozimendua ikustea, berezia izan da”.

Sariari esker Lian muralgilearen izena eta lana mundu mailan ezagutzera emango direlarik, artistak errekonozimendua jaso du, berak, ordea, herriari egin nahi izan dio aitortza: “Niretzako saria jasotzea ohore bat da, baina ez da soilik nire lana. Murala guztiona da, hortaz, baita saria ere”.