argia.eus
INPRIMATU
Koronabirusa
Kalte ekonomiko eta sozialak gutxitu behar ditugu
  • Koronabirusaren pandemia globalak ekarritako osasun larrialdi egoeraren kalte ekonomiko eta sozialak gutxitu behar ditugu, erabaki publiko eta ekintza kolektibo egokiak bultzatuz.

Endika Alabort Amundarain @autogestioa Jon Bernat Zubiri Rey @jonbernat Maitane Jaio Atela 2020ko martxoaren 27a
Eraikuntza sektoreko langileak lanean ari dira (Argazkia: Mikel Urabaien Otamendi)

Aurreikuspenak egitea zaila den arren, Valentziako zientzialariek diote koronabirusaren kutsatze egiaztatuen gailurra apirilaren 10etik aurrera izango dela. Gailur hori lehenago gertatuko delakoan dago, ordea, Eneko Axpe, Stanford Unibertsitateko eta NASAko ikerlaria. Hubeiko bilakaera gure epekotasunera ekarri du ETBri eskainitako elkarrizketa batean. Hartara, hamar egunen buruan etorriko litzateke eguneko heriotz kopuruaren gailurra, agerraldi larri berririk ezean. Garai korapilatsuenak lirateke horiek, sufrimendu egoerak eta tentsio larriek ere gailurra joko lukete eta.

Osasun langileak, epidemiologoak, prebentzio teknikariak eta agintari publikoak borroka gogor hori antolatzen dabiltzan bitartean, kalte ekonomiko eta sozial ugariak izango direla aurreikusi behar dugu. Azken horiek gutxitzeko, lehenbailehen politika eta ekintza eraginkorrak bultzatu beharra dago.

Norarteko kalteak?

Ziurgabetasunaren aroa hasi da, eta datozen aste eta hilabeteetako kalte ekonomikoen inguruko eztabaida piztu da dagoeneko komunikabideetan. Urte honetako bigarren hiruhilekoan BPGa %40 jeitsiko dela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. Bat dator kalkulu horrekin Mikel Casares NUPeko irakaslea, eta 2020 osoko jeitsiera %10ekoa izan daitekeela dio, Berria egunkariak egindako elkarrizketan. Aurreikuspen horiek bat datoz Europa mailarako egin direnekin: konfinamenduko lehenengo hilabetean egungo BPGa %50era jeitsiko da, eta %25era ondorengo bi hilabeteetan.

Ildo honi jarraituz, langileriaren erdiarengan eragina izan dezake etenaldiak. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 400.000 lanpostu kaltetzea espero du Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Nafarroan 120.000 lanpostu inguruko galera izatea esperoko litzateke, antzeko eragina izanez gero. “Konfinamendu partzialari eta lehen astean harturiko neurriei” erreparatuz, EAEn 250.000 langilek “lana galdu edo aldi baterako eten egin dutela” kalkulatu du Joseba Garmendia EHUko irakasleak. Haren datuei erreparatuz, funtsezkoak ez diren jarduera presentzialen itxieraren “Txoke Estrategia” gauzatuta, kaleratzeek eta lan etenaldiek ia 600.000 okupaturi eragingo liekete.

Funtsezkoak ez diren jarduera presentzialen itxieraren “Txoke Estrategia” gauzatuta, kaleratzeek eta lan etenaldiek ia 600.000 okupaturi eragingo liekete

Epe laburreko eraginetatik harago, askoz langile gutxiago geratuko lirateke langabezian 2020n urte amaierarako, erkidegoetarako CEPREDEk egindako kalkuluaren arabera. Kontsumo etenaldia eta egungo ekoizpenaren itxialdi partziala mugatuko balira, 15.000 enplegu baino gehiago desagertuko lirateke Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta 5.000 baino gutxiago Nafarroan. Ondorio horiek bikoiztuko lirateke, adibidez, etenaldi epea zortzi astekoa izanez gero.

Etenaldi epearen luzaera izango da, beraz, aurreikuspen horiek guztiak egokiak diren edo ez ikusteko gakoa. Orain, borroka sozial, sanitario eta logistikoak iraun bitartean, ekoizpena gradu batean edo bestean etetearen ondorioz gertaturiko kaleratzeen eta aldi baterako erregulazioen kalteei egunez egun aurre egin behar diegu. Jada 13.500 aldi baterako lan erregulazio espediente (ERTE) ditugu EAEn, ia 100.000 langileri eragiten dietenak. Bere aldetik, 3.600 espediente iragarri ditu Nafarroako Gobernuak, eragindako langile kopurua argitu gabe utziz. Eta hurrengo egunetan gehiago espero dira, domino-efektua geldiezina baita.

Aldi baterako langileen kontratazio berri eza kontuan hartu behar dugu baita ere, turismo jardueretan kasu. Euskal ekonomiaren azken hamarkadetako desindustrializazioa eta espezializazio eredu kaskarra agerian geratuko dira hiruhileko honetan. Langabeziaren igoera larri honek eta soldaten zein enpresarien errenten jeitsierak populazioaren erosteko ahalmena eta bizi baldintzak kaltetuko dituzte.

Itxialdi orokorra orain?

Espainiako Gobernuak alarma egoera gogortzen baldin badu, eta oinarrizkoa ez den industriaren ekoizpen itxialdia dekretatu, ondorio ekonomiko eta sozial latzagoak izango dira epe luzean. Hasi dira dagoeneko lehenengo etenaldi industrialak: Mercedes-Benz, CAF, Arcelor-Mittal, Irizar eta Michelin, besteak beste. Horien hornitzaile gehienek bide bera jarraitu dute. Italian ekoizpenaren etenaldi zorrotzagoa agindu berri dute. Hemen, asko dira bide bera noiz jarraituko zain daudenak; erabateko itxialdia berehalakoa izan dadila, eta “langileen osasunarekin jolastu ez dezatela” eskatzen diete gobernuei. Gobernuek, ordea, industria, eraikuntza eta ahal den bezainbeste zerbitzu jarduera ez ixtea nahi dute. Eztabaida ezinbestekotzat jotzen diren aktibitate ekonomikoetan datza. Kasuan kasuko jardueren azterketa sakon baten beharra dago, hautu desegoki batek osasuna epe motzean kaltetu dezakeela jakinda. Hala ere, berehalakotasuna da erronka.

Test arinak behar dira, enpresetako langile guztiei frogak egiteko eta positiboak etxeko berrogeialdi isolatuan jartzeko. Langileen osasuna bermatzea izan behar da helburua.

Hego Koreak erdibideko estrategia jarraitu du, hasieratik lantokietara bertaratu beharreko langile guztiei test arinak eginez. Hemen, test arinak heltzear dira. Eta hemen, Eusko Jaurlaritzaren protokolo irizpideak (distantzia, maskarak, eskularruak, termometroak eta abar) ez dira nahikoak. Honetan ere, lan prebentzio arauak betetzen direla bermatu beharra dago. Protokolo egoki batek langileak COVID-19az kutsatzeko aukerak jaisten ditu, baina ez du haien osasuna bermatzen. Test arinak behar dira, enpresetako langile guztiei frogak egiteko eta positiboak etxeko berrogeialdi isolatuan jartzeko. Langileen osasuna bermatzea izan behar da helburua.

Horretarako, ezinbesteko baldintza da testak modu masiboan zabaltzea eta horien fidagarritasuna kontrolatzea; hor dago koska. Horrez gain, azpimarratu beharra dago Hego Korean punta-puntako baliabide eta teknologia gailuak izan dituztela eskura, eta, nola ez, gizarte eredu desberdina: bertan ezarritako irizpide eta neurriak ez dira gure gizartera erraz egokitzen. Ereduak gorabehera, ezinbestekoa da enpresetan arriskuen prebentziorako neurri guztiak bermatzen diren ala ez egiaztatzea, eta betetzen ez direnean, jarduera ekonomikoa berehala gelditzea. Lan arriskuen prebentziorako agintaritzak gidatuta, zeregin horretara bideratu beharko lirateke egun kaleetan isunak jartzen ari diren indar polizialak.

Bitartean, zer egin?

Itxialdiaren gradua da orain lan munduaren erronka nagusia. Bigarrena, apirilaren 10 eta 15 artean SEPEa larrialdian etendako milioika langileri haien soldaten %70 automatikoki ordaintzen eraginkorra izatea. Hala balitz, enpresa guztiek erregulazio neurriak aplikatu ahalko lituzkete, nahiz eta aurreko urtean galerak edo irabaziak izan. Aurreko urtean irabazi maila batetik gora izan zutenek beren langileen soldatak ordaintzea da egokiena. Bestela, irabazi handiak izan dituzten enpresen langile soldatak guztion artean ordaintzen ariko gara.

Gaur bertan, kaltetu orok alokairuak bi hilabetetan ez ordaintzea ari da eztabaidatzen, gutxieneko larrialdi-errenta bermatzearen aldeko ahotsak ugaritu diren bitartean.

Aurretik hipotekekin gertatu bezala, kaltetu orok alokairuak bi hilabetetan ez ordaintzea ari da gaur bertan eztabaidatzen, gutxieneko larrialdi-errenta bermatzearen aldeko ahotsak ugaritu diren bitartean. Gobernuak eragile sozialekin adostasunak gauzatzen dituen bitartean, berrogeialdian gauden bizilagun ororen helburua zein den ezin dugu ahaztu: osasun sistemak (gure Osakidetza eta Osasunbidea) ez kolapsatzea, kutsatze katea atzeratzeko isolamendu neurri zorrotzei eutsiz.

Osasun arloan arrisku-taldeak babestu behar ditugula argi dugun bezala, arlo ekonomiko eta sozialean ere sektore ahulenen aldeko politikak egin behar ditugu.

Era berean, osasun erakundeak baliabide publiko zein pribatuz eta langile berriz hornitu behar dituzte gobernuek, Espainiakoak zein euskal lurraldeetakoek jada iragarri dutenez. Krisi sanitarioaren kontentzio neurriak egunez egun egokitzen joango dira, eta horiek antolatzen dabiltzanei laguntza eta atxikimendua eman behar dizkiegu, egoera honetatik bizirik irteteko. Era berean, foru aldundien eta udalen menpe dauden zerbitzu sozial publiko zein pribatizatuek larrialdira egokitzeko plan ausartak beharko lituzkete.

Langileen eta herri sektoreen babeserako neurri sozial ugari behar ditugu, egoerari gutxieneko duintasunez aurre egiteko. Enpresetan krisi honek izango dituen ondorioak oso aldakorrak izango dira, krisi guztiek sexu eta klase bereizketa egiten dutela baitakigu. Kutsatze mailetan hain nabaria ez dena, agerikoa da larrialdi egoeraren ondorioen banaketa sozial desorekatuan. Osasun arloan arrisku-taldeak babestu behar ditugula argi dugun bezala, arlo ekonomiko eta sozialean ere sektore ahulenen aldeko politikak egin behar ditugu.

Borroka sanitario titaniko honek iraun bitartean, lanaren eta bizitzaren arloetan ezarri beharreko neurriak izan behar ditugu hizpide. Guztion arteko adostasunez, inbertsio eta gastu zabaleko politika publiko eta ekintza sozialak garatu behar ditugu, maila guztietan eta denon arteko elkartasuna antolatuz eta gauzatuz.