Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez hezkuntza komunitate osoari borrokarako dei egin nahi diote. Irten direnean, foruzainek hainbat pertsona identifikatu dituzte.
Eserialdia egiten zen bitartean bi ordezkarik ekintzaren zergatien berri eman dute: “Ez gara etorri Hezkuntza Departamentura ezer eskatzera, ahal den neurrian inflexio puntu bat jartzera baizik”. Kurtsoa hasi bezain pronto bi greba deialdi egon direla azpimarratu dute eta hirugarren bat ere deituta dagoela urtarrilerako. Greba dinamikez gain, ikastetxe askotan protestak, hausnarketak eta bestelako jarduerak ere antolatzen ari direla eta ekintza hau ere testuinguru horretan kokatu dute.
Hezkuntza publikoan arazo larri eta egiturazkoak daudela adierazi dute, eta oraintsu aurrekontuetarako Hezkuntza Departamentua eta hainbat sindikaturen artean sinatu diren akordioetan ez dagoela neurri zehatzik salatu dute, “promesak bakarrik saltzen dira”.
“Irakasleriak eta ikasleriak egunero pairatzen ditugu hamaika arazo, eta nazkatuta gaude”, zehaztu dute. Eta arazoetako batzuk ere azpimarratu dituzte: “Behar bereziak dituzten ikasleen inklusiorako espezialistak falta dira, orientazio taldeak gainezka daude, psikologo falta ere badago, digitalizazioa masiboki eta irrazionalki erabiltzen da, ezegonkortasunak ikasleei erreferentzia falta ekartzen die, erortzen diren azpiegiturak ditugu...”.
Hortaz, “hezkuntza merkatuaren beharren mesedetara jartzen dutenen aurrean”, ikastetxeetan hausnarketa eta borroka taldeak antolatzera deitu dute ostegun honetan, “ez soilik aurrekontuetan diru partida handitu dadin, baizik eta kalitatezko hezkuntza publikoaren alde borrokatzeko”.
Eta Foruzaingoa iritsi da
Eserialdiak hogeiren bat minutu iraun du eta denbora horretan, afixak eskuetan, oihuka aritu dira. Ondoren irakasleak kalera atera dira, ekintza bukatutzat emanda. Jadanik kanpoaldean, sarrera oztopatu gabe hizketan ari zen talde bat eta beste pertsona batzuk dagoeneko urruntzen ari ziren; orduan iritsi dira Foruzaingoaren bi furgoneta eta hainbat pertsona identifikatu dituzte zakar samar. Lekutzen ari zen gazte bat identifikatu nahi izan dute, baina hura korrika hasi da, bi foruzainek harrapatu eta molde txarrez gerarazi eta identifikatu duten arte. Bost minutu ondoren libre utzi dute. Lerro hauek idazten dituen kazetariari ere NANa eskatu diote eta identifikatu dute.