argia.eus
INPRIMATU
Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru etikoa
  • Hezkuntza hobetzeko hamar gako zerrendatzen dituen proposamena egin du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, urtebetez hainbat aditurekin batera burututako gogoetaren ondorio. "Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak" dokumentua da aurkeztu dutena.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 23a

Hik Hasiren bueltan, hainbat irakasle eta hezitzailek, Mondragon, EHU, Baionako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakaslek eta pedagogo eta psikologok adostu dute proposamena. 30 bat laguneko talde iraunkorrak landu du idatzia, eta aditu ugariren ekarpenak jaso dituzte.

Publikoa, autonomoa, herritarra

Hiru oinarri ditu abiapuntu proposamenak: hezkuntzak finantzaketa eta esku-hartze publikoa izan behar du, eskola bakoitzak autonomoa izan behar du, eta ezinbestekoak dira hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren inplikazioa eta herriko gainerako eragileen partaidetza. Azken finean, herri hezitzailea dute buruan proposamenaren sustatzaileek, hezkuntza ez baita ikastetxeko lau hormetara mugatzen. Hezkuntza-proposamen irekia dela ere azpimarratu du Hik Hasik, gainerako eragileekin elkarlanean.

Dokumentu osoa hemen deskargatu dezakezu. Hamar gako nagusi ditu ardatz:

1- Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea (haurraren kultura, aniztasuna, ingurumenaren kultura, auzolana, herritar kritikoak sortuko dituen hezkuntza…).

2- Haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea (zaintza eta kontziliazioari, hezitzaile bakoitzarekiko ikasle kopuruari edota hezitzaileen prestakuntzari begira, besteak beste).

3- Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea (bizitzen eta pentsatzen lagunduko duen heziketa, emozioen garrantzia, bestelako ebaluazio eredua…)

4- Irakasle-hezitzaileen prestakuntza egokitzea.

5- Eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propioa izatea.

6- Egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra (eskolaren beharretara egokitzen den zuzendaritza-taldea aukeratzeko ikastetxeak duen eskubidea eta autonomia abiapuntu).

7- Ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea helburu.

8- Herrietako hezkuntza-plana, hezkuntza premiei erantzuteko (udalek eskumenak eta bitartekoak izatea, esaterako, hezkuntzarekin lotutako gaietan, edota herri bakoitzean hezkuntza-plan bat egitea).

9- Antolaketa administratiboa denontzako modukoa eta bateratzailea izatea (konfiantzan eraikia, parte-hartzea erraztuko duena, gardentasunez bizia eta gertuko kudeaketan oinarritua).

10- Jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea (eta horretarako inbertsioa areagotzea, batez beste Europan erabiltzen den inbertsio-irizpidera iristeko).