argia.eus
INPRIMATU
Kalitatezko enplegua eta autogobernua Nafarroako gobernuaren helburu nagusiak
  • Uxue Barkos Lehendakariak bi orduko hitzaldia egin zuen bart Politika Orokorreko Eztabaidan. Agintaldiaren erdia beteta, aldaketa politikoa bai, baina gizartean ematen ari den aldaketa azpimarratu du Uxue Barkos Lehendakariak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 27a

Bost erronka finkatu ditu Aldaketaren Gobernuak, kalitatezko enplegua sortzea, digitalizazioan aurrera egitea, ongizate estatua indartzea, elkarbizitzan sakontzea, eta autogobernua indartzea.

Bi orduko hitzaldia egin du Barkosek. Gaztelaniaz eta euskaraz, gehiena gazteleraz (%80 inguru). Herentzian jasotakoari aipamen labur bat egin ostean, Aldaketaren Gobernuak egindakoez eta dituen helburuez aritu da Lehendakaria.

UPNren kudeaketa okerraren ondorioz 96 milioi euro ordaindu behar izan dituztela, (2012ko aparteko ordainsaria, irakasleen oporrak..) leporatu die orain arteko agintariei. Hala ere, datu ekonomikoak hobetu dituztela azpimarratu du Barkosek.

2015ean hasitako Erreforma Fiskalari esker 400 milioi euro gehiago jaso ditu aurten Gobernuak. Iruzurraren aurkako borrokan sakondu dute eta horren adibidetzat jo du Nafarroako Ogasunari 218 milioi euro zor dizkioten 316 enpresa eta norbanakoen zerrenda publiko egin izana.

Langabezia tasak ere behera egin du. Iaz baino 5.000 langabe gutxiago daude aurten, hala ere, oraindik 32.800 pertsonek ez dute lanik Nafarroan. Horregatik pobreziari aurre egiteko aurrekontua ere bikoiztu dutela goraipatu du Lehendakariak, 78 milioi eurotik 150 milioi eurora.

Katalunia ere ez da eztabaidatik kanpo geratu. !55. artikuluaren aurka agertu da Barkos eta UPNri eta PSNri egotzi die artikulu horren aplikazioaren erantzule direla.