argia.eus
INPRIMATU
Kalitatezko bolbora egiteko zumalakarra erabiltzen zen
  • Parisen izan al zara aspaldian? Agian Opera plazako Palais Garnier Opera etxetzarra bisitatuko zenuen. Ni ez naiz horrelakoak bisitatu zalea, baina hurrengoan hurbiltzeko grina piztu zait. Bertako eskailera handiaren barneko balkoien zutabetxoak ezagutu nahi ditut, 55 cm altuera duten 189 zutabetxo.

Jakoba Errekondo 2022ko maiatzaren 31
Bolboraren kalitatea erabilitako egur ikatzaren araberakoa da. Ikazkintza horretarako egur onena zumalakarrarena jotzen da. Bolbora gerra kontuetarako garrantzitsua zen garaietan zumalakarrik ezin zen nola hala moztu, ezaguna da Frantziako Louis XIV erregearen 1669ko Araudia basoko lehengaiak babesteko; bertan zumalakarraren ustiapenaren monopolioa ezarri zuen.

Zutabe horiek harri berezi batez eginak daude, fluoritaz; mea hauskor eta kolore askotako kristal ikusgarriak dituena da. 1860 aldera jauregi horri gerora izena emango zion arkitektoak, Charles Garnier, harri bitxi horrekin txunditu nahi izan zuen Paris. Horretarako Morvan mendilerroko La Petite-Verrière herriko Voltennes meategira jo zuen, hango fluorita gustatu. Harri-haitz hartatik harri-mokor handiak zartatu edo hautsi gabe eskuratzea ez zen erraza; horretarako sutauts edo bolbora berezi bat erabili zuten. Garai hartan bolbora beltza edo fusilen bolbora deitzen zena. Bolbora hori mantzoa da eta honela osatua dago: %40 potasio nitratoa edo salpetroa, %30 sufrea eta %30 egur ikatza. Nahasketa proportzio hori ez da ohikoa, tirorako bolbora arruntak erdia du bi azken osagaietatik.

Bolboraren kalitatea erabilitako egur ikatzaren araberakoa da. Ikatza bolbora beltza egiteko erabili nahi bada, pirolisia 500ºtan jarrita erre behar da egurra. Aspalditik ezagunak dira ikazkintza horretarako egur onenak: zumalakarra (Frangula alnus), ahuntz sahatsa (Salix caprea) eta aranondoa (Prunus domestica) adibidez. Onena zumalakarrarena jotzen da, ikatz porotsu eta arina egiten du. Bolbora gerra kontuetarako garrantzitsua zen garaietan zumalakarrik ezin zen nola hala moztu, ezaguna da Frantziako Louis XIV erregearen 1669ko Araudia basoko lehengaiak babesteko; bertan zumalakarraren ustiapenaren monopolioa ezartzen da.  

Zumalakarra ez da landare oso ezaguna. Ugaria bai, baina bere erabilerak ahaztu edo utzi diren eran bera ere oroitezaren osinean utzietsia dugu. Toki heze eta lur azidoak atsegin dituenez, gero eta gehiago ikusten da isuri atlantikoan. 4 bat metro arteko zuhaixka egiten da. Azal ilun distiratsuan nabarmenak ditu pintar txuriska borobilak. Azala bera tindagai gisa erabiltzen da, guritik lehorrerako tartean non dagoenaren arabera kolore desberdinak lortzeko. Adarrak saskigintzarako ere ez dira txarrak, malguak eta kolore dotorekoak. Lore laruak ditu, nektar gozoz gainezka polinizatzaileen gozamenerako. Horietatik fruituak etorriko dira, hasieran berdeak, gero gorriak eta heldutasunean beltzak. Azukre punttua badute, baina toxikoak dira. Hala ere orkatzek biziki maite dituzte, agian bere eragin psikotropikoarengatik. Zuraren giharra gorrizta du eta gizena zuri-larua; egur ikatzetarako bezala oinetako orkoiak egiteko erabili izan da, baita iltze, txapa eta abarretarako ere. Baratzeetan pardatarako erabili izan da.

Azala purga bezala erabili izan da maiz, baina kontuz, tamaina hartu, eragin oso bortitza du eta gorrienak ikusteko egon zaitezke dosia gaindituz gero. Beste bolbora bat…