argia.eus
INPRIMATU
Kalitatezko barazkiak, orain piperrak
  • Bi aldagai begiratu izan dira benetako kalitatea neurtzeko: zenbat kilometrora ekoitzi duten elikagai hori, eta zenbat denbora eman duen jaso edo bildu zenetik zure eskuetara. Gaur egun hirugarren aldagai bat ere hartzen da kontuan: nola ekoitzi dute?

Jakoba Errekondo 2020ko irailaren 17a

Zer bidaia egiten du gure hazkurriak?

Egunero jaten dugun janaria bizigarria al da? Elikatu egiten gaitu? Edo gorputzaren entretenimendu soila da? Bizia dakar ala ez? Bizia ala heriotza? Bizitzeko ala hiltzeko jaten dugu?

Guri bizia eman behar digun zerbait da, edo gure bizitza oinazealdi bihurtuko duen produktu komertzial bat? Gure biziari xarma, edo gatza eta piperra edo distira txertatuko al dio? Edo sendagileetarako bidea erakutsiko digu?

Edozein otordutan jaten dugun elikagai bakoitzak bere istorioa du. Noiz eta non sortutakoa da? Zein eskuk erein zuen hazia? Nork landatu zuen landaretxoa? Zein lurretan hazi da? Nolako paisaia ezagutu du? Eta nolako kultura bizi da paisaia horretan? Nolako jendea bizi da han? Zein hizkuntzatan bizi dira? Zer-nolako ohiturak dituzte?

Janari bakoitzak bere curriculuma du. Hor dago bere kalitatea agerian. Bi aldagai begiratu izan dira benetako kalitatea neurtzeko: zenbat kilometrora ekoitzi duten elikagai hori, eta zenbat denbora eman duen jaso edo bildu zenetik zure eskuetara.

Gaur egun hirugarren aldagai bat ere hartzen da kontuan: nola ekoitzi dute? Nola horretan sartzen dira: norena da ustiapena? Zein eskuk lantzen dute? Zer-nolako baldintzatan lan egiten dute eta bizi dira nekazariak? Ingurumenaren zaintza, hau da, gu denon eta gure ondorengoen zaintza nolakoa da ustiapen horretan?

Hainbeste dago jakiteko jaki soil bakoitzetik! Ez da erraza. Bizimodua horrelaxe eraikitzen dugu, egunero, gerok ere ulertzen ez ditugun korapilo eta txibistak eginez. Ez dago bada galderak egitea bezalakorik argibideari ekiteko.

Has gaitezen errazenetik: alaba-semeei jaten ematen diedana hemengoa eta oraingoa al da? Garrantzitsuena bi galderak batera egitea da. Ez du balio garaikoa izatea baina munduaren beste puntan sortua. 

Nonbaitetik hasi behar eta has gaitezen barazkiekin. Etxean gehien erabiltzen eta eskubestatzen diren jakiak dira. Uraza hori, tomate hori, piper hori hemengoa eta sasoikoa al da? Gainontzean ez jan. Hobe da gosea. Beste zerbait jan.

Hasteko, ikas dezagun sasoi edo garai bakoitzeko barazkiak zein diren. Tomatea abuztuan eta kardua urtarrilean. Orain piperrak. Bakoitza bere garaian hobea da, hobea zaigu, jan-sustantzia gehiago emango digu. Gure bizia bizi dadin. Piztu jaki jakin-mina.