Kaliforniaren independentziaren aldeko mugimenduak erreferendum bat egiteko eskaera aurkeztu du astelehenean. Estatuko fiskal nagusiari eramaniko eskakizunak Kalifornia estatu libre eta burujabea izan beharko litzatekeen galdetzea proposatzen du. Prozesua aurrera ateratzea zaila izango den arren, gogor lan egingo dutela ziurtatu dute.
Yes, California mugimenduak lehen pauso erreala eman du independentziarantz. Estatuko konstituzioaren bigarren artikuluan oinarriturik, bozketa egiteko tramitazioak hasi ditu. Mugimendua 2014an sortu arren, Donald Trumpen garaipenarekin gorakada bat bizi du. #Calexit terminoa erabiltzen dute, Britainia Handiko Brexitari keinu eginez.
2019ko martxoaren 13an egin nahi dute galdeketa. Galdera honakoa izango da prozesua aurrera eramanez gero: “Kalifornia estatu libre, independente eta burujabe bilakatu beharko al litzateke?”
Hautesle-erroldaren erdiaren parte-hartzea eta botoa ematen dutenen %55ek baiezkoaren alde egitea beharrezkoak dira erreferenduma independentzia aldarrikapen gisa hartzeko. Hori gertatuz gero, gobernadorea derrigortuta egongo litzateke NBEn sartzeko eskatzera.
“2019ko udaberrian, kaliforniarrak hautetsontzietara joango dira bozketa historiko batean erreferendum bitartez Kalifornia AEBetatik irten behar den erabakitzeko”, azaldu du mugimendu independentistak.
Erreferendum horretara iristeko gizartearen babesa lortu behar du mugimenduak. Horretarako lehen pausua 585.407 sinadura biltzea dute, 2018ko azaroan, ea hurrengo udaberrian erreferenduma egin nahi duten bozkatzeko. Estatuko konstituzioaren hirugarren artikulua aldatzea ere lortu beharko dute: “Kalifornia AEBetako zati bereizezina da”.
AEBetatik irtetearen aldekoen arrazoi nagusia Kaliforniak Gobernu Federalari ordaintzen dion zerga kopurua da, gehiegizkoak askorentzat trukean jasotzen dutenarekin alderatuz. Estatu independente gisa funtzionatuz gero, Kalifornia munduko seigarren potentzia ekonomikoa izango litzatekeela defendatzen dute.
Prozesuak aurrera egiteko aukerak urriak dira, AEBetako konstituzioak ez baitu sezesiorako biderik onartzen. Aldatu ahal izateko Kongresuan 38 estaturen baiezkoa beharrezkoa da. Hori dela eta, independentistek zuzenean NBEra jotzearen alde egiten dute, autodeterminazio eskubidean oinarrituta.