10.000 suhiltzaile profesionalek hegazkin eta klase guztietako materialez lagundurik ez dute lortzen Kalifornia garretan daukaten 24 sute handiak itzaltzerik. Lau urteko lehorte handiak pentsarazten du 2015ko uda hau benetan tragikoa gerta daitekeela munduko seigarren ekonomia handiena den herrialde hartan. Jerry Brown gobernadoreak larrialdi egoera ezarri du lurralde osoan.
Azken 120 urteotako idorterik handiena nozitzen ari delarik, Kalifornian egia bilakatu da askoren beldurra: suteak bazter guztietan. Aurtengo orain arteko handienak, uztailaren 29an piztu zen Rocky suteak, 26.000 hektarea kiskali ditu: 2.900 bonbero ari dira amatatu nahian dagoenekoz 12.000 lagun beren etxeetatik urrutiarazi dituen sute erraldoia. Kaliforniako oihanen eta suteen arduradun nagusia den Ken Pimlottek eman du larrialdiaren tamaina ulertzeko datua: dagoenekoz aurten 3.897 sute eduki dituzte Kalifornian, askoz gehiago azken bost urteotako media egiten duten 2.552ak baino.
Orain artean 60.000 hektarea inguru kiskali dira, agintarien esanetan. Oraindik datuok urrun daude urterik gaiztoena izan zen 2008an erre ziren 469.000 hektareetatik, baina uda hasi baizik ez da egin eta kalteak oso azkar ari dira ugaritzen: joan den asteburuan bost ordu laburretan errausti ziren 8.000 hektarea inguru, urte osoan galdutakoaren zazpirena ordu gutxi batzuetan.
Sute handiak tipikoak diren arren Kalifornian, azken urteotako lehorte izugarriak susmo txarrak piztarazten ditu. Neguan bertan ihartuak ziren beti berde ezagututako baso eta zuhaitz asko eta agintariek ur kontsumoa murrizteko agindu zorrotzak eman zituzten. Udan, gainera, tximista bortitzek erraz sutzen dituzte bazterretako belar, sastraka naiz zuhaitz iharrak, ondoren haizete gogorrek garrak azkar eramanez batetik bestera. Googlek Kaliforniako suteen jarraipena mapa honetan egiten du.