argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeen aurkako eta lan-baldintza duinen aldeko manifestazio bateratua Bilbon
  • Tubacex, Petronor, Novaltia, UTE Bilboko Argiak eta PCB enpresetako langileek mobilizazio bateratua antolatu dute ekainaren 18an. Langileen egoera hobetzeko erakunde publikoen esku-hartzea eskatu dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 21a
Tubacex, Petronor, Novaltia, UTE Bilboko Argiak eta PCB enpresek ekainaren 18an Bilbon egindako elkarretaratzea. Argazkia: Ecuador Etxea

Petronor, UTE Bilboko Argiak, PCB, Novaltia eta Tubacex enpresako langileek manifestazio bateratua egin dute ekainaren 18an, Bilbon. Bostei eragiten dieten lanpostuen prekarizazioa eta kaleratzeak salatu diztuzte, eta enpresei eta administrazio publikoari erantzukizuna eskatu diete. Martxa 10:00etan abiatu da EITBren egoitzatik eta hiriburuko udaletxean bukatu da.

Langileek dituzten eskubideak bermatzeko eskatu dute antolatzaileek ostiralean antolatutako manifestazioan. Plazaratu duten aginduan azaldu dute beren enpresek pandemiaren ondorioz sortutako egoera baliatu dutela langile klasearen eskubideak okertzeko. Bestetik, osasun larrialdiaren baitan egin dituzten kaleratze masiboak baimentzea egotzi diote Espainiako Gobernuari: Rajoy eta Zapateroren lan-erreformek taldekako kaleratzeak 30 egunetan eta sektore publikoaren kontrolik gabe egitea legeztatzen dutela gogorarazi dute. Araudi hori indargabetzeko nahirik eza leporatu diote administrazio publikoari, eta horren aurrean, esku hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Kasu guztietan, pandemiaz geroztik zaildu diren negoziazioak izan dituzte bost enpresek. Petronorren, maiatzaren 3tik erregulazio espedientean daude Muskizko plantako 354 langile. Tubacexen, 110 egun baino gehiago daramatzate greban, Laudion eta Amurrion dagoen enpresak 129 langile kaleratu nahi izan dituelako. Novaltian, berriz, enpresako 20 langilek jarraitu dute greba, 2019ko uztailetik hasitako negoziazioetan ez direlako lan-baldintzak hobetzeko akordiora heldu. UTE Bilboko Argiak enpresak langile bat kaleratu du, eta berriz hartzeko eskatu dute kideek. Bestalde, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko prozesua irekitzeko eskatu dute. PCB-ITPren kasuan, langileek epaitegiek emandako erabakia betetzeko eskatu dute, Barakaldoko eta Sestaoko enpresetan kaleratutako 87 langileak berriro onartzeko epaia berretsi baitu EAEko Justizia Auzitegi Gorenak martxoaren 31n.

Langileen manifestazioak

Maiatzaren 28an ere manifestazio bateratua egin zuten Tubacexek, Petronorrek, UTE Bilboko Argiakek eta PCBk, H&M enpresako plantilarekin batera. Aldarrikapena bera zen: lan-baldintza duinak errespetatzea eta bizitzak erdigunera eramatea. Ekainaren 19an Bizkaiko Ezkerraldeko hainbat enpresa eta eragilek antolatutako manifestaziora ere bildu ziren Petronorreko langileak.