Kutxabank-Zima Financek Altzako bi bizilagunen abal-emaileen lokalaren eta etxebizitzaren enkantea eskatu du. Banketxeak familia euskaldun askoren hipoteka-mailegu berankorrak saldu eta "erabateko babesgabetasun" egoeran utzi dituela salatu du Kaleratzeak Stop elkarteak. Bi bizilagunek etxebizitzan jarraitzea bermatzea eskatu dute.
Kutxabank-Zima Financek epaitegian bi abal-emaileen lokalaren eta etxebizitzaren enkantea eskatu duela salatu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteak. Enkantea bertan behera utzi eta bi bizilagunak Donostiako Altza auzoan, bizitza osoko etxebizitzan jarraitzea bermatu nahi du elkarteak.
Ekainean lokalaren eta guraso pentsiodunen etxebizitzaren aurkako hipoteka exekutatzeko demanda jarri zuen Kutxabankek; hamabi kuota baino gehiagoko zorra izateagatik, Kaleratzeak Stop elkarteak adierazi duenez. Higiezinen Kredituei buruzko Legeak aukera ematen die putre banku eta funtsei, lehenik, enkantea eta, ondoren, etxegabetzea eskatzeko. Uztailean Kutxabankek 2.500 hipoteka-mailegu berankorren zorra saldu zion Zima Finance funts putreari 240 milioi euroren truke.
Kutxabankek familia euskaldun askoren hipoteka-mailegu berankorrak saldu zituela eta hala familiak "erabateko babesgabetasunean" uzten dituela, salatu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stopek.