argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak merkatu, erretiro adina atzeratu... Nazioarteko Diru Funtsaren gomendioak espainiar gobernuari
  • Espainiako Estatuko ekonomia ez da hainbeste haziko 2022an Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, “ekoizpenak pandemia aurreko mailaren azpitik jarraitzen” duelako, bere esanetan. Lan eta pentsio erreformen negoziazio betean, soldatak ez igotzearen eta erretiroa adina atzeratzearen alde agertu da AEBetan egoitza duen finantza erakundea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 23a

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) espainiar gobernuari hainbat “gomendio” egin dizkio Espainiako ekonomiaren inguruan kaleratzen duen urteroko txostenean. Finantza erakundearen arabera, Espainiako Estatuan ekonomia ez da uste zena bezain beste haziko: Barne Produktu Gordina %4,6 igoko da aurten eta datorren urtean %5,8 –aurreikusitako %5,7 eta %6,4ren aldean–. Bere esanetan pandemiaren eragina oraindik nabarmena da hainbat sektoretan, baita “hornigai kate globalen botila-lepoena” ere, eta ziurgabetasuna “altua” da.

Hala, Espainiako ekonomiaren berreskurapena Europako herrialdeetan “mantsoena” da eta egoera horri buelta emateko NDFren ustez beharrezkoa da laneko “behin-behinekotasuna” gutxitzea. Baina, horretarako kontrako muturrera jo du: langile finkoen kaleratzea merkeago atera dadila, “kontratu indefinituak erakargarriagoak egiteko”. Erakundea, beraz, egun Espainiako Gobernua, patronala eta espainiar sindikatu nagusienak negoziatzen ari diren lan erreformaren ildoan dago. Hain justu, CEOEk ostegun honetan oniritzia eman die lan erreforma horren edukiei, "ukitu gabe uzten dituelako barne malgutasunerako mekanismoak".

Bestetik, inflazioaren gorakadaren aurrean, NDFk soldatak ez direla igo behar dio, inflazio hori are gehiago puztu eta “gurpil zoro” batean ez sartzeko. Horren arabera, nahiz eta erosketa saskiak gora egin, herritarrek berdin kobratzen jarraituko lukete, hortaz, soldata jaitsiera bat ari da gomendatzen de facto. Momentu honetan milaka hitzarmen kolektibo airean daude, urte amaiera delako, krisiak erasandako lan-baldintzapean.

Pentsioen erreformak ezartzen dituen “jasangarritasun” neurrien aldekoa ere bada Kristalina Gueorgievak zuzentzen duen erakundea –asteazken honetan onartu du Espainiako Senatuak erreforma horren lehen zatia, pentsioak KPIaren arabera igotzeko–, baina pentsioek sortzen duten “gastua” orekatzeko beharrezko ikusten ditu neurri gehiago, adibidez “lan bizitza luzatzea” eta enpresen eskutik Gizarte Segurantzari egiten zaizkion kotizazioak igotzea.

Erreformaz erreforma, erretiro ordua gero eta hurbilago izan, gero eta gehiago urruntzen ari zaio askori aukera hori.