argia.eus
INPRIMATU
“Kaleratzeak” eta “kaosa” Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzuan
  • Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzu berria urriaren 8an hasiko da martxan. Egun horretatik aurrera, Iruñeko bi ospitaletako zerbitzua eraikin bakarrean emango da. Sindikatuek kaleratzeak iragarri dituzte eta batze prozesua egiteko moduaz ere kexa agertu dute langileek.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 20a
Nafarroako Ospitale Guneko garbitzaileen apirileko protesta garbiketa zerbitzuen pribatizazioaren aurka. (Arg.:noticiasdenavarra.com)

Erabakiak “inposizioz” hartu direla eta zerbitzuak batzeko prozesua ez dela era progresiboan egin salatu dute ELA eta LAB sindikatuek eta Garbiketa Zerbitzu Publikoen Aldeko Batzordeak. Langileek espazio eta tresneria berrira egokitzeko denbora beharko dutela adierazi du Arantxa Elgoibarrek, Nafarroako Ospitale Guneko ELAko langileen ordezkariak. “Gauzak ez dira batere ongi egin eta urriaren 8an kaosa nagusitzen ahal da”, esan du, Berriak jaso duenez.

Egiturazko lanpostua zutenak eta erretiroa hartu dutenen postuak behin behinean bete dituztenak kaleratu egingo dituzten susmoa dutela azaldu du Elgoibarrek. 12-14 kaleratze izan ahal direla salatu du.

Halaber, garbiketa zerbitzua erabat pribatizatu eta lau garbitzaile botako dituztela ohartarazi dute. Protestei ekin diete garbitzaileek eta Marta Vera osasun kontseilaria “gezurretan” aritu zaiela salatu dute; apirilean kontseilariak parlamentuan haien egoera ez zela aldatuko esan baitzien.