argia.eus
INPRIMATU
Kalera martxak lehen pausoak eman ditu Gernikan, preso eta iheslarien eskubideen alde
  • Zazpi egunez Euskal Herriko hainbat txoko gurutzatu eta Lakuntzan amaituko du ibilaldia Kalera Kalerak uztailaren 27an, Hatortxu rock jaialdian.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 20a

40 urte bete dira 1977ko udan Askatasunaren Ibilaldia egin zutela milaka lagunek. Urteurren hori probestuz, Kalera Kalera dinamikak preso eta iheslarien eskubideen aldeko martxa bati ekin dio, Gernikatik hasi eta Lakuntzaraino.

Ostegun goizean eman dituzte lehen pausoak partaideek Gernikatik –faxistek duela 80 urte bonbardaturiko hiriaren omenez Picassok marraztutako lorea eramango dute martxan zehar–  eta Mundakan barrena Bermeorantz abiatu dira, hor amaituko dute lehen etapa. Denera zazpi egunez ibiliko dira eta igarotzen dituzten herroetan ekitaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte euskal presoek jasaten duten egoeraren berri emateko.

Amaiera ekitaldia uztailaren 27an izango da, Lakuntzan. Bertan egingo dute urtero bezala –urten 20. aldiz– Hatortxu Rock elkartasun jaialdia.

Ernaiko bozeramaile Lur Albizuk martxari ekin aurretik esan du EPPK-k azken astean ezagutarazitako bide-orria izango dutela ardatz: "Kolektiboak euskal jendartearen babesa behar du espainiar espetxe-legedi arrunta jorratzeko eta salbuespen legeak salatzeko", azaldu du ezker abertzaleko gazte mugimenduko kideak.