argia.eus
INPRIMATU
Kalera Kalerak espetxe politika aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
  • Euskal presoen aldeko manifestazio jendetsua egin du Kalera Kalerak. Kontxako estropaden bigarren jardunaldirako iragarri zuten, eta horrela egin dute.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2018ko irailaren 10a
Manifestazioa udaletxe aurrean (argazkia:eitb.eus)

Bulebarretik 13:45 inguruan abiatu dira Presoak kalera, bada garaia lelopean. Ehunka lagunek hiria zeharkatu dute eskaera zehatz batekin; espetxe politika aldatzeko eskatu diote PSOEren gobernuari.

“Euskal Herrian babes transbertsal handiena duen aldarrikapena da”, adierazi du Kizkitza Gil de San Vicente Kalera Kalerako ordezkariak. Euskal preso zein iheslariak Euskal Herrira ekartzeko eskaera luzatu dio Espainiako Gobernuari. Horrez gain, azpimarratu du Aieteko adierazpenean konpromiso batzuk hartu zirela, eta oraindik ez direla bete. Testuingurua aldatu dela eta ETA desegin dela nabarmendu du, eta beraz, espetxe politika aldatzeko ausardia eskatu dio alderdi sozialistari.

Martxa hasi baina ordu erdi lehenago, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako mugimenduak manifestazioa egin du. Gudariak direlako, amnistia osoa lelopean presoen askatasuna eskatu dute.

Albiste hau Irutxuloko Hitza-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.