argia.eus
INPRIMATU
“Kalera Kalera etorkizuna da, kartzelak husteko eta bakea eta askatasuna irabazteko erronka”
  • Hilabete oso baten ondoren, amaiera heldu zaio ‘Kalera Kalera’ ekimenari. Ekitaldi jendetsuarekin itxi dute Usurbilgo Kaleragunea. Preso ohiek adierazi dutenez, bestalde, dinamikak gauzatzen jarraituko dute, “konponbide integral eta justu baten bila”. Horren harira, dei egin diete herritarrei urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 09a
\'Kalera Kalera\' dinamikaren amaiera ekitaldia egin dute urtarrilaren 8an Usurbilen (Arg: Kalera Kalera)

‘Kalera Kalera’ dinamikaren amaiera ekitaldia egin dute urtarrilaren 8an Usurbilen. Presoen auzia eta gatazkaren ondorioak jendearengana gerturatzeko helburuarekin eman zioten hasiera abenduaren 10ean. Aipatutakoaren arabera, bestalde, dinamika bera ez da bukatu. Lanean jarraituko dute, “Euskal Herrian bortxazko gatazkaren ondorioen konponbide integrala helburu izango duen espazio demokratiko humanitario handi bat eratu arte”.

2016ko martxoaren 13an elkartu ziren Usurbilen lehenengo aldiz borrokaren ondorioz errepresaliatuak izan diren hainbat lagun. Konpromisoa, borroka, elkartasuna eta babesa hitzak azpimarratu zituzten egun hartako ekitaldian. Azaldu zutenez, “estatuek preso, errefuxiatu eta deportatuen arazoa bideratzeari uko egin ziotenetik, Euskal Herrian ia inork ez du egoerak eskatzen duen mailan jardun”. Hutsune hori betetzeko asmoarekin jarri zituzten abian “Amnistiaren norabidean” eta “Kalera Kalera” dinamikak. Bederatzi hilabete geroago, bide horretan aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi dutela azaldu dute amaiera ekitaldian, “erronka nagusia eremu soziala artikulatzea da, eta horretara bideratu behar ditugu gure indar guztiak”. Beraien webgunean irakurri daiteke adierazpen osoa: http://kalerakalera.eus/eu/albisteak.

Horrez gain, urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko dutela esan dute, eta mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, “presoen gaiari herri gisa erantzuteko”.