argia.eus
INPRIMATU
‘Kalera, kalera’ dinamikari babesa eskaini diote ‘dispertsioaren seme-alabek’ Usurbilen
  • Sakabanaketa pairatu duten hainbat gaztek presoen aldeko ekimenari sostengua erakutsi diote gaur Usurbilen. Bizitako oztopo guztien gainetik dispertsioari "hortzak erakusten" ikasi dutela adierazi dute.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko abenduaren 21

Euskal Herriko txoko ugaritan presoen alde egiten ari diren ekimenei babesa adierazi diete gaur "dispertsioaren seme-alabek": sakabanaketa hurbiletik bizi izan duten gazteek, hain zuzen. Haien bizitzak espetxe politikak markatu ditu: "Askok eta askok ezagutu ditugu hamarna espetxe desberdin. Sufritu ditugu kilometroen luzerak, katxeoak, bisita galduak, kontrol polizialak… galdu ditugu gure lagunen urtebetetze festak, parrandak. Etxerako bueltan autobusetan egin ditugu etxeko-lanak, lo kuluxkak".

Oztopo guztien gainetik dispertsioari hortzak erakutsi eta elkar maitatzen ere ikasi dutela adierazi dute, ordea. Barrutik eta kanpotik "hormatzarrak" botatzera dei egin dute.

 

Dispertsioaren seme-alaben lekukotasuna:

Bat. Bi. Hiru. 100. 200. 300. Asko. Luze. Luzeegi. Zer moduz joan da bidaia?

Gaur hemen batu garen gazteok galdera horren erantzun mutua gara. Egutegian gorriz markatutako asteburuak bizi izan ditugunak. Espainiar estatuaren bazter krudelenak ezagutzen ditugunak. Gu, dispertsioaren seme-alabak gara.

Espetxe politika ankerraren adibide bat gehiago da dispertsioa. Maite ditugun senideak ikusteko jarritako traba, luzatutako bidea, ezarritako kondena. Mendekua beste asmorik ez duen erabaki politikoa da, bi estatu eta enparauek bulegoetan diseinatua.

Dispertsioarekin Euskal Preso Politikoen Kolektiboa apurtzea bilatzen zuten. Batasuna zatitu. Baina ez hori bakarrik. Senide eta lagunen gaineko eraso sistematikoa ere bada dispertsioa.

Denbora labur baterako denbora lapurtu nahi digute. Maite ditugunak besarkatzeko, kristalez banandu. Elkarrekin egoteko bisita gabe utzi.

Askok eta askok ezagutu ditugu hamarna espetxe desberdin. Sufritu ditugu kilometroen luzerak, katxeoak, bisita galduak, kontrol polizialak… galdu ditugu gure lagunen urtebetetze festak, parrandak. Etxerako bueltan autobusetan egin ditugu etxeko-lanak, lo kuluxkak.

Baina horren gainetik dispertsioari irribarre batez hortzak erakusten ere ikasi dugu, irakatsi digute. Gaur hemen bildu garen asko elkar ezagutu gara bisitetan, bidaietan. Eta beste batzuk ezagutzen ez bagara ere, barrutik ezagutzen gara.

Maite ditugunak bisitatzera joatean ikasi dugu elkar maitatzen. Bagarelako zerbaiten parte, garena eta izango garenaren parte eder bat. Herria gara.

Gaurko agerraldiarekin gure babes osoa erakutsi nahi diogu preso eta iheslari ohiek martxan jarritako “Kalera kalera” dinamikari. Baita espetxeen barrote artetik Euskal Preso Politikoen Kolektiboak burutuko duen prozesuari ere. Barrutik eta kanpotik denok batera botako ditugu hormatzarrak.

Dispertsioarekin bukatu beharra dago eta horretarako denok piztu behar dugu kandelatxoa. Su txikiz osatuko itsasoa izan behar gara, bakea eta askatasuna irabazteko.

Dispertsioarekin bukatu, preso eta iheslari politikoak kalera!

 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra