argia.eus
INPRIMATU
‘Kalera Info’ eta ‘kalerakalera.eus’ ixteko erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • "Konponbiderako ireki den aukera-leihoa" itxi nahi dutela salatu du Sortuk. 2017tik argitaratzen zuen Sortuk Kalera Info aldizkaria, hiru hilean behin, euskal presoak informatzeko asmoz, besteak beste haien eskubideen aldeko mobilizazioei buruz.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 27a

Kalera Info aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Nazioanalak, ebatzita "terrorismoa goratzeko tresna" direla. Oihana Garmendia eta Antton Lopez Sortuko presoen batzordeko kideek aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu auzitegiak.

Epaileak "ongietorrien bidez terrorismoari gorazarre egitea" egotzita eskatu zuen aldizkaria eta izen bereko webgunea ixteko.

Sortu-ren irakurketa

Sortuk gogor kritikatu du erabakia: "Alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute. Adierazpen askatasunaren aurka egin dute. Informatzea bezalako eskubide eta jarduera zilegiaren aurka egin dute". Erabakiaren oinarrian "konponbiderako ireki den aukera-leihoa kosta ahala kosta ixteko" asmoa dagoela salatu du alderdiak. Horrez gain, gogoratu du Auzitegi Nazionalak, Kalera Kalera dinamika dela eta, Sortuko sei kideren aurkako sumarioa irekia duela, euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana "kriminalizatuz".

Euskal presoak informatzen segitzeko asmoz, azaroan eman zuten Hostoak aldizkari berriaren berri.