SOS Arrazakeria eta Mbolo Moy Doole elkarteek prentsaurrekoa eman dute Bilbon beste konpartsa eta mugimendu sozialekin batera. Kaleko saltzaileekiko Polizia Munizipalaren jazarpena “berehala amaitzea” eskatu dute.
Joan den astelehenean eguerdiko 13:30etan Polizia Munizipalaren agenteak Arenaleko festa gunean “modu oldarkorrean” sartu ziren. Agenteek bertako saltzaileei mantak kendu eta saltzeko produktuak zapaldu zizkietela ere salatu dute.
Bertan zegoen jendeak poliziaren jarreragatik protesta egin zuen. Orduan Polizia Munizipalak bertakoekin oldartu eta “inguruan zegoen jendea bultzatu eta atxikitzeaz gain hiru emakume astindu eta identifikatu egin zituzten”.
Bilboko Udalari galdegin diote ea hauek al diren “hainbeste goraipatzen dituen” festa herrikoiak. “Ezin dugu baimendu Bilboko biztanleak lanean dauden bitartean beldurtuta egotea”, gaineratu dute prentsaurrekoan.
Poliziaren jarrera oldarkorra gaitzesteaz gain “jaietan denok parte hartu, lan egin eta gozatzeko aukera berdinak” dituztela adierazi dute.