Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak ezin izango ditu otorduak eman ostegunetik aurrera, Egian behintzat. Hala jakinarazi diete udaltzainek asteazken iluntzean, ahoz, antolatzaileei, baimenik ez dutela eta Donostiako Udalaren erabakia dela argudiatuta. Asteazken goizean Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak protestei zilegitasuna eman eta "arrazoi bakarra eta esklusiboa inguru horretan gertatzen ari den segurtasun-arazoa da", adierazi du. KASek prentsaurrekoa deitu du ostegunean 18:00etan eta dagoeneko adierazi du afariak ematen jarraituko dutela.
Udaltzaingoak asteazken iluntzean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeko kideei jakinarazi die ezin izango dutela ostegunetik aurrera otordurik eman kalean. Irutxuloko Hitza-k jaso du jakinarazpenaren momentua. Udaltzainak ekintzaile solidarioei adierazi die Donostiako Udalaren erabakia izan dela, "gune publikoa" dela eta horretarako baimenik ez dutela.
Hedabide berari Jon Barandiaran taldeko kideak azaldu dionez udaltzainei debekuaren idatzia eskatu diete, baina "ahozko agindu bat" izan dela erantzun dute poliziek.
KASek lau urte daramatza otorduak ematen Amaran, Egian eta Alde Zaharrean, kale egoeran dauden pertsonei oinarrizko premia hori bermatu nahian, eta gauero 250 otordu inguru banatzen ditu. Barandiaranek taldearen izenean esan du orain arte Udalak "baimen tazitua" eman izan diela: "Gaur arte ez digute eragozpenik jarri, gaur ez dakigu zergatik".
Donostiako Udala
Donostiako Udalak ostegun goizean eman ditu azalpenak debekuaren inguruan. Hiri Segurtasuneko zinegotzi Martin Ibabek egin ditu adierazpenak hedabideen aurrean, auzia delinkuentziarekin lotuz. "Arrazoi bakarra eta esklusiboa inguru horretan gertatzen ari den segurtasun-arazoa da", azaldu du.
Ibaberen esanetan, Ertzaintza eta Udaltzaingoa "denbora asko" daramatela inguruneari "jarraipena" egiten, eta 2022tik "jarduera deliktiboaren hazkundea" adierazten dutela datuek. Debekuak "ez du inongo zerikusirik janari banaketarekin", ziurtatu du. Herritarren kexak ere jaso dituztela azaldu du.
Eskuinaren presioa
KASek salatu du haien kontrako kanpaina bat abian duela eskuinak azken hilabeteetan. Pasa den astelehenean afariak banatzen dituzten toki berean, Egia auzoan, herritar batzuk bildu ziren sare sozialetatik deialdia egin ondoren "segurtasun" falta argudio bezala jarrita; PPko zinegotziak ere izan ziren bertan. Hain justu, alderdi horrek behin baino gehiagotan eskatu du kaleko afari solidarioekin amaitzea.
"Gaur arte ez digute eragozpenik jarri, gaur ez dakigu zergatik"
KASek "elkartasun ekintza komunitario eta kolektibo" gisa definitzen du ekimena eta, ohar batean azaldu duenez, "azken aldian SOS egoera lazgarri bat areagotzen ari da". Taldeak salatu du Instagram eta Telegram kanalak baliatuta eta Donostian "segurtasuna" eskatzen, herritar talde batek KAS "jomugan" jarri duela: "Esan beharrik ez dago, KASek ez duela inondik inora segurtasunaren ikuspegi eta ikuspuntu hori", azaldu du. Sare sozialen bidez KASeko kideak "seinalatu, iraindu eta kriminalizatzeko" saiakera dagoela diote.
Era berean azaldu dute Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunekin bildu izan direla lau urteotan, kale egoeran dauden pertsonentzako "soluzio integral bat" eman eta elikadura eskubidea bermatu ahal izateko. Horretarako laguntza ere eskaini dietela azaldu du, baina Udalak ez duela "aldarrikapen bat bera ere aintzat hartu".
Gaur prentsaurrekoa
Debekuaren ostean, KASek ostegun honetan prentsaurrekoa egingo du Teresa de Calculta plazan, gertaturikoa salatu eta bere irakurketa egiteko. Hala ere, debekua jakin bezain azkar zabaldu duten komunikatuan horrela diote: "KASek ez zuen kontzentrazioa oztopatu, KASek ez zuen kontra kontzentraziorik deitu, KASek ez zuen konfrontaziorik bilatu, KASek ez zuen konfrontaziorik nahi, KASek ez du eragotziko Giza Eskubideak betetzen dituen kontzentraziorik, KASek irmoki adierazi du Giza Eskubideak urratzen dituen edozein kontzentrazio salatuko duela, eta azkenik, KASek kontzentrazioan bildutako pertsona eta PPko zinegotziak KASen aurka haizaturiko iritzi mehatxu eta irainak arbuiatzen ditu".
Kaleko Afari Solidarioekin jarraituko dutela adierazi dute lehen komunikatu honetan, "ez baita segurtasuna ezbaian jartzen duen ekintza, pertsonen elikadura segurtasuna elkartasunaren bidetik bermatzen duena baizik".
Azaldu dute oraindik ez dakitela debekuak Egiako otorduei eragiteaz gain, ostegun honetatik aurrera Amaran eta Alde Zaharrean banatzen direnei ere eragingo ote dien.