Bilboko Alde Zaharreko ikastetxeak dituen hainbat arazoren aurrean Udala luzamendutan ari dela adierazi zuten gurasoek ekainean. Orduko hartan kalejiran atera ziren, eta ostegunean bigarrenez aterako dira kalera.
Mujika Eskolako Makuma Ikasleen Gurasoen Elkarteak deitu du kalejira, eskolaren arazoek bere horretan dirautela argudiatuz. Bilboko Udalari beraien eskakizunak helaraziko dizkiete 16:15ean eskolatik abiatuko den mobilizazioaren bidez.
Hainbat dira zerrendatu dituzten arazoak: Batetik, itokinak dituzte, eta euria ari duenean putzuak sortzen dira. Beroa egiten duenean berriz, sabaia uralitazkoa denez, 37 gradutan egotera heltzen dira eta haurrak ureztatzen aritu behar izaten dute irakasleek. Espazioari dagokionez, matrikulazio kopuruak gora egin du eta estu dabiltza; haurrak geletan eta jantokian sartzeko arazoak dituzte. Jantokian, berez bi txanda egin beharko liratekeen arren, hiru txanda egiten dituzte, ikasleei jateko denbora nabarmen murriztuz eta “lauren tokian sei ume sartuz”.
Horretaz aparte, kanpoko patiorik ez daukate, eta eskolara sartzeko ordua denean, Udaltzainen presentziarik ez bada, ibilgailuak pasatzen dira bertatik, umeak arriskuan jarriz. Arazo honen aurrean esku hartu du Udalak, eskola aurrean piboteak jarriz. Gurasoetako batek adierazi duenez, baina, kotxeak berdin-berdin sartzen dira, atzera-martxa egiterakoan umeak arriskuan jarriz sarri.