Badaki inork txorkoa zer den? Bada, herri eta hirietako kaleetan, zuhaitzak landatutako tokietan dauden lursail txikiak dira txorkoak, gazteleraz alcorque deritzenak. Arangurengo Ingurumen Zerbitzuak kanpaina berezi bezain polita abiatu du herritarrei proposamen hau eginez: herriko txorko bat babestea beraien gain hartu eta lur zatitxo horretan tokiko landareak landatzea. “Hiriko bioaniztasuna beste ikuspegi batetik lantzeko gogotik atera zen ekimena”, esan du Guiomar Santamaria Solana Arangurengo Udaleko Ingurumen Teknikariak.
Hirietako gune berdeak gehienetan belar motzeko zelaiak izaten dira eta teknikariaren ustez, espazio horiek bakarrik egotea ez da ona bioaniztasunerako: “Tokiko landaredia garrantzitsua da, bertako fauna elikatu eta aterpe ematen dielako”. Golf zelai itxurako jardinetara ohituak daude hirietako biztanleak, baina gune berde bat hori baino gehiago dela aldarrikatu du Santamariak: “Tokiko landareei modu naturalean ateratzen uzten diegunean, askori utzitako toki bat dela iruditzen zaio, beste lorategiak bezain polit eta ordenatuta ez dagoelako”. Txorkoetan tokiko landareei bere tokia eman nahi diete kanpaina honekin, gune berde horiek “natura bezain inperfektu” izanen direla aurrez jakinda.
Arangurengo bioaniztasuna zaintzea bada egitasmoaren helburuetako bat, beraz, baina ez da helburu bakarra: herritarren parte hartzea bultzatzea ere bada bultzatzaileen asmoetako bat. “Beharrezkoa da herritarrak horrelako proiektuetan inplikatzea eta parte hartzea, ekimenari balio handiagoa emanen baitiote modu horretan”.
Hamar bat familiak eman du izena momentuz Arangurengo Ingurumen Zerbitzuak proposatutako ekimenean. Antolatzaileek parte-hartzaileei etxetik hurbil duten txorko bat esleitu eta bertan landatzeko haziak ematen dizkiete: “Hazi nahasketa bat prestatu dugu: batzuek lorea ematen dute eta beste batzuek ez. Loratzen direnetatik zenbait beroarekin zimeldu eginen dira, eta euriarekin berriz jaio. Mendian landareek duten ziklo naturala segituko dute, nolabait”.
Ekimeneko parte hartzaileen txorkoetan karteltxo bat jarriko dute proiektuko parte direla adieraziz eta herritar gehiagori ekimenaren berri emanez. Txorkoetan landaketak egiteko ideia ez da berria, beste hainbat hiritan horrelako egitasmoak egin izan dira lehenago. Santamariak kontatu duenez, Bartzelonan badute antzeko ekimen bat martxan, baina han are landuagoa dute: zuhaitzen izurriei aurre egiteko fauna erakartzen duten landareak jartzen dituzte hango txorkoetan, zuhaitzen izurriei modu naturalean aurre egiteko.