argia.eus
INPRIMATU
Kaledonia Berriak Frantziatik ez banantzea erabaki du momentuz
  • Independentzia ezetz bozkatu dutenak botoen %56,4arekin gailendu arren, baietzak aurreikuspen guztiak gainditu ditu %43,6aren babesa lortuz.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 05a
Kaledonia Berriko herritarrak erreferendumean botoa ematen. Argazkia: @TheObjective_es

Kaledonia Berria (Ozeania) Frantziako Estatutik banandu edo ez erabakitzeko Noumea hiriburuan burutu den erreferendumean, ez independizatzeko aukerak botoen erdia baino gehixeagorekin eta uste baino ehuneko txikiagoarekin irabazi du.

%80,6ko parte-hartzea izan duen galdeketan, “Kaledonia Berriak burujabetasun osoa edukitzera heldu eta independentea izatea nahi duzu?” galderari erantzun diote herritarrek. Ezetzaren aldeko aukerak Noumea hiriburuan izan duen babesak eragin handia izan du bozketaren bilakaeran, baiezkoak baino 25.000 boto gehiago zenbatu baitira.

Erreferendumeko emaitzak baloratuz buruzagi independentistek adierazi dute, garaipenetik “oso gertu” daudela eta datorren urteetan adosturik dauden galdeketetarako “indarra” ematen diela.

Alderdi politiko frantzesek ostera, “garaipen sendo” bezala kalifikatu dute bozketaren emaitza eta datorren urteetarako adosturik dauden beste bi erreferendumak ez egiteko desioa erakutsi dute. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azpimarratu du, bozketan islaturikoa “frantziako errepublikaren baloreei eta etorkizunari konfidantza adierazteko keinua” izan dela.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa Noumean izango da gaur, erreferendumaren emaitzak eta aurrerantzean eman beharreko urratsak aztertzeko.