argia.eus
INPRIMATU
Kalean mobilizatzera deitu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak maiatzaren 18an
  • Mugimenduarekiko instituzioen “errespetu falta” salatu eta sufritzen ari direnei elkartasuna adieraziko diete. Osasun neurriak errespetatuz, udal eta aldundien aurrean kontzentratzera deitu dute.

     

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 10a
Argazkia: guaixe.eus.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak osasun krisiaren kudeaketan “inprobisazio handia eta kaosa” eman direla uste du, eta horren ondorioz kalteak behar baino handiagoak izaten ari direla.

Apirilaren 21ean, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutun bana bidali zien Gasteizko eta Iruñeko Gobernuetako gizarte eta osasun arloko sailburuei eta Araba eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiei. Besteak beste, biltzeko hitzordua eskatzen zieten, konponbideak proposatzea helburu.

Eskaerek ez dute erantzunik izan, errespetu falta bezala ulertu dutena. Hori salatzeko, eta gaitzarekin gehien sufritzen ari direnei babesa adierazteko, maiatzaren 18ko astelehenean herriz herri Udal eta Aldundien aurrean kontzentratzera deitu du Bizkaiko pentsionisten elkarteak. Mobilizazioaren modu zehatza herri bakoitzak erabaki dezala defendatu du, osasunari loturiko segurtasun neurriak errespetatuta beti ere.

Horrez gain, konfinamenduaz geroztik ohikoa den moduan, maiatzak 11ko astelehenean protesta balkoietara ateratzera deitu du elkarteak.