argia.eus
INPRIMATU
Kalean erretzea ere debekatzen hasi dira, aurrena Galizian
  • Gaurtik aurrera Galiziako espazio publikoan ere, kalean, erretzea debekatuta egongo da. Betiere, bi metroko segurtasun-distantzia mantendu ezin den kasuetan, baita terrazetan ere.

Axier Lopez @axierL 2020ko abuztuaren 13a
Argazkia: Michael Sort / The Chronicle

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak asteazkenean iragarri du neurria eta segituan piztu da eztabaida. Xuntak bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, terrazak barne, erretzeko debekua ezarri du, baldin eta bi metroko segurtasun-distantzia betetzen ez bada.

Feijook azaldu zuenez, neurri horretara iritsi da adituek uste dutelako tabakoaren kea "hedapen-faktorea" dela. Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak esandakoa kontuan hartu du: erretzea, baita zigarro elektrikoak ere, arriskutsua dela. Batzordearen arabera, maskara manipulatzea eta zigarroak ukitu ondoren hatzak ahoarekin ukitzea birusaren transmisore izan daitezke, eta erretzeak arnas tantak kanporatzea dakar ".

Feijook esan du oraingoz ez dutela herritarren mugimenduetan murrizketarik egingo, baina ez du baztertu datozen egunetan neurriak gogortzea, egoerak hobera egiten ez badu. Batzorde klinikoa gaueko aisialdiaren debekuaren eremu geografikoa zabaltzeko aukera aztertzen ari da.

Debekua Espainiako Estatu osora zabaltzea eskatu dute

Nofumadores.org elkarteak 81.000 pertsona baino gehiagoren babesa jaso du oraingoz sarean. Ostalaritzako terrazetan eta kalean erretzea debekatzen duen Galiziako Xuntaren legea Espainiako Estatu osora zabaltzea eskatzen dute.

"Tabakismoak 55.000 hildako eragiten ditu urtean, eta COVID-19ak 40.000 baino gehiago, beraz pentsaezina da terrazetan eta kalean erretzen jarraitzea, beste guztiok maskara batekin estaltzen garen bitartean", adierazi du elkarteko eledun Raquel Fernandezek.