argia.eus
INPRIMATU
“Kalean egotea zentzugabekeria da; lokala itxita dago, eta gu kalean izoztuta gaude”
  • Plentziako merkatuan parte hartzen duten laborariak Udalaren baimenik gabe sartu ziren zapatuan hiltegi zaharrean. Gabriela Frances lemoiztarrak azaldu duenez, martxoan Udalak lokal publiko denak itxi behar izan zituen pandemiari aurre egiteko babes-neurri gisa; ordutik, azoka Eleiz plazan egin behar izan dute, zapaturo.

Hiruka .eus Ander Zarraga 2020ko abenduaren 10a

Pandemiaren eraginez, laborariek eramaten zituzten baliabideakaz egiten zen merkatua, Eleiz plazan. Azken asteetan, aldiz, Udalak kontingentzia plana sortu eta karpa batzuk jarri zizkien, baita Aizilan enpresa kontratatu ere, COVID-19aren aurkako neurriak bete zitezen bi pertsona jartzeko: gela erabili, distantzia gorde...

Hala ere, zapaturo bertaratzen diren lau merkatariak oso deseroso zeudela jakinarazi zioten Udalari: "Zentzugabea da lokalak itxita egotea eta gu hotza pasatzen egotea kalean". Gainera, maiatzean egon ziren neurri aldaketek ahalbidetzen zuten hiltegi zaharrera bueltatzea, baina Udalak ez die horretarako baimenik eman, besteak beste, irisgarritasuna hobetzeko lanak egin behar zituztela argudiatuta.

Asteburu honetako eguraldi txarra ikusita, merkatariek hiltegi zaharrera bueltatzea erabaki dute, Udalaren baimena ez izan arren. "Guk mantendu ditugu segurtasun-neurriak, jendea banan-banan sar zedin, eta bukatzean dena garbitu dugu", argitu du Francesek. Udalak, bere aldetik, haserre erantzun ziela jakinarazi du Francesek, eta ondorioak egongo direla iragarri dute.