argia.eus
INPRIMATU
Kalean edateagatik lan komunitarioak, sentsibilizazio programak eta tratamenduak eskaini nahi dizkie gazteei Jaurlaritzak
  • Eusko Jaurlaritzak esku artean duen dekretu batek ordain ekonomikoaren alternatibak eskainiko dizkie kalean edateagatik isuna jarri dieten 25 urtetik beherakoei. Gazteak arau-haustearen erantzukizuna beregain hartu beharko du isuna ordaintzetik salbuetsiko duen bidetik jo nahi izanez gero. Lan komunitarioak, sentsibilizazioa programak eta adikzioen tratamenduak izango dira isunaren alternatibak.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 29a

Asteazkenean Vocento taldeko egunkariek filtratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak esku artean darabil kalean edateagatik jarritako isunei eragingo lieken dekretua. El Diario Vascok laburbildu duenez, dekretuaren bidez "Euskadik boteiloia egiten duten gazteei jarritako isunak neurri alternatiboengatik ordezkatuko ditu", eta ordain ekonomikoaren ordez lan komunitarioak egiteko aukera eskainiko die, edota sentsibilizazioa programetan zein adikzioen tratamenduetan parte hartzeko aukera luzatu.

Neurriaren irismena mugatua izango da, eta jendarte osoari aplikatu beharrean, 18 eta 25 urte artekoentzat edo gazteagoentzat planteatzen da gehienbat, Naiz-ek jaso duenez. Azken hilabeteetan kalean bildu eta edateagatik hedabideetan oihartzun handia izan duen jendartearen zatiarentzat, hain zuzen ere. El Diario Vascoko Aiende S. Jiménez kazetariaren hitzak irakurrita, dekretua disuasio-neurri gisa uler daiteke, adin tarte horretako pertsonen aisialdi-ohituretan eragin asmo duena. Hala dio: "Neurri zigortzaile hori gurasoek ordaintzen dute azkenean, eta arau-haustea egiten duten neska-mutilentzat ez da batere hezitzailea edo disuasiozkoa".

Dekretuak turistak ere salbuetsiko ditu, soilik EAEko biztanleen kasuan izango baita aplikagarria.

Gaur gauzkoz, kalean edateagatik zigortuak 30 eta 600 euro arteko isunari egin behar izaten dio aurre. Dekretu horrekin, ordain ekonomikoaren ordez lan komunitarioak egitea, kontzientziazio programetan parte hartzea edota menpekotasunen tratamendua abiatzea aukeratu ahalko luke zigortuak. Bide horietakoren batetik jo nahi duenak, hamabost eguneko epea izango luke bere erabakia jakinarazteko, eta arau-haustearen erantzukizuna beragain hartzea izango luke baldintzatzat. Adin txikikoen kasuan, bere tutoreen baimena eskatuko zaie.