Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.
Otsailaren 5 honetan atera da Madrilgo Estremeratik Antton Troitiño donostiarra, eritasun "larri eta sendaezina" ukanki, baldintzapean aske. "Babes osoa" eta "elkartasuna" adierazi die Etxeratek preso ohiari eta haren hurbilekoei.
Urtarrilean bere defentsak aske uztea eskaturik, hirugarren gradua eman zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak hiru hilabeteren buruan. Hori gauzatzear zela, ordea, beste prozedura bat abiatu zuen Estremerako espetxeko Tratamendu Batzordeak, baldintzapeko askatasunarena. Bi prozeduretan epe guztiak agortu ostean, fiskalak ez duenez kontrako iritzirik eman, kartzelatik atera da donostiarra.
Iazko apirilean agertu zitzaizkion eritasunaren lehen sintomak eta orduz geroztik ez zuen arta duinik jaso presoak. Besteak beste, iraila arte ez zuen sendabiderik jaso. Espetxeko baldintzak direla eta, kimioterapia hartzeari uko egin zion ere urtarril bukaeran, ez zitzaiolako "batere bideragarri egiten tratamendua jarraitzea, bai animoan bai fisikoki, espetxeratze-baldintzak gaindiezinak direlako".
30 urte baino gehiago pasa behar izan ditu preso Troitiñok. 1987an atxilotu zuten, eta 24 urte baino gehiago egin zituen kartzelan. 2011n atera zen kalera, zigor osoa beteta, baina handik egun gutxira atxilotu nahi izan zuten berriro, Parot doktrina aplikatuta. 2012an Londresen axilotu zuten, fiskaltzak haren atxilotzea eta estradizioa galdegin zituelako. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak indargabetu egin zuen Parot doktrina, eta estradizio eskaera atzera bota zuen Westminsterko Auzitegiak. Baina, 2016ko abenduan atxilotu zuten berriz ere Londresen, eta paperik gabekoentzako atxilotze zentro batean pasa zituen hilabeteak, 2017ko maiatzean Espainiaratu zuten arte. Orduz geroztik preso zen donostiarra.