argia.eus
INPRIMATU
Kalean bizi diren gazte migratzaileen testigantzak, begiak irekitzeko dokumentala
  • Oussama, Amine, Ayoub, Es Said, Ahmed, Meriem, Youssef, Zakaria… dira En la calle dokumentaleko protagonistak, eta Poliziarekin eta dendariekin duten tratuaz, lan egiteko eta alokairua lortzeko dituzten zailtasunez eta kalean daramaten bizimodu gogorraz mintzo dira, besteak beste. Gogoeta eragin eta kontzientziak astindu nahi dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko uztailaren 28a

Donostian kalean bizi diren edo bizi izan diren migratzaile gazteen lekukotzak biltzen ditu gaztelaniazko dokumentalak. Laburra da eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria, Donostiako Harrera Sarea, La mano Invisible eta Esperanto ekoiztetxea daude proiektuaren atzean.

Beti motxila bizkarrean

Kamioi baten azpian etorri zela kontatzen du Youssefek, elektrikari gisa lanean hasita “adin txikikoentzako zentroen eta laguntzen gurpiletik behingoz ateratzea” da Meriemen ametsa, Ayoubek Europan aurrera jarraitzea zuen asmo, baina Frantziako Poliziak Espainiako Estatura itzularazi zuen, eta Oussamak kontatzen du jende bat oraindik harritu egiten dela kalean bizi direla esaten dietenean, ez dakitela hain jende gaztea kale gorrian gaua pasatzen egon daitekeenik, eta dendariek pentsatu ohi dutela lapurtu egingo dietela, motxila bizkarrean doazelako beti. Poliziaren gehiegikeriez, lan egiteko premiaz, errespetu faltez, legeak jartzen dizkien oztopoez, hainbat lagun drogak kontsumitzera bultzatu dituen kaleko bizimoduaz, alokairua ukatzen dieten jabe arrazistez… hitz egiten dute dokumentalean, inguratzen gaituen errealitate gordina bistaraziz. Afrikako iparraldetik edo Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorriak dira gehienak.

Haien egoera sozial, familiar eta emozionalarekin enpatizatzea, beraien azalean jartzea eta hobetu daitekeenaren inguruan pentsaraztea du helburu dokumentalak, SOS Arrazakeriaren hitzetan. Emanaldi ugari egin dituzte dagoeneko eta gazteak eurak izan dira emanaldi horietako batzuetan, solasaldi aberasgarriei bide emanez. Orain, interneten ikusgai jarri dute dokumentala, gazte hauen errealitatea ezagutuz, “xenofobiari eta diskriminazioak eragiten dituen aurreiritziei aurre egiteko”.