Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.
Bilboko Harrera Auzoak plataformak laguntza instituzionalik gabe dauden 120 migratzaile lagundu ditu batez beste egunero azken hiru hilabeteetan. Behar bezalako erantzun instituzionalen faltan, auzogune eta kolektibo sozialek hartu zuten pertsona horiek artatzeko ardura eta ordutik 150 boluntario aritu dira lanean. Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako plataformen laguntza ere izan dute eta etorkinen funtsezko beharrak babesteko biltze solidarioak egin dituzte.
Iazko abuztuko azken kontaketaren arabera gutxienez 300 ziren Bilboko kaleetan etxerik gabe zeuden pertsonak, baina egoera horren aurrean herritarrek egindako presioa fruituak ematen hasi dela dirudi. Deustuko Erriberan kokaturik dagoen Bizinahi auzogunean jasotzen dituzten 100 erabiltzaileetatik 40 CEAR-en (Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordea)ardurapean dagoen Oñatiko egoitzara bideratu zituzten astelehenean eta beste hogei pertsona Busturialdeko eta Arrigorriagako bizilagun zentroetara eraman dituzte. Honetaz gain, Galdames, Ermua edo Bakioko udalerriak gelditzen diren etorkinak jasotzeko prest agertu dira.
Hala ere, Termibusera iritsiko diren migratzaile berriekin instituzioek zer egingo duten ez dakitela diote Harrera Auzoak ekimeneko kideek, ElDiario.es-ek jaso duenez.
Gaueko kontaketa
Ostegunean egingo da bi urtean behin gauez, euskal udalerri askotan egiten den etxegabeko pertsonen kontaketa. 2016ko datuen arabera, 2.009 lagun ziren Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik gabe noraezean zeuden pertsonak.
Datu horren aurrean, aurtengo apirilean erakundeak konprometitu ziren kalean bizi diren pertsonen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzunaren ikusita, helburu hori lortzea errealitatetik gero eta urrunago dago.